«Zegamak badu zerbait harrapatu gaituena»
Eneko Salvador Morales eta Ander Uriarte Maestre Urretxu-Zumarragako 26 urteko bi gazte dira, Zegamako igerilekuko begiraleak eta udan zehar, bertako bizilagunak.

Eneko Salvador Morales eta Ander Uriarte Maestre Urretxu-Zumarragako 26 urteko bi gazte dira, Zegamako igerilekuko begiraleak eta udan zehar, bertako bizilagunak, izan ere, etxe bat alokatzen dute bertan uda pasatzeko lanean dauden bitartean eta hainbat bizipen eraikitzen ari dira Zegaman. Herriak besoak zabalik hartu ditu bi gazteak eta iazko esperientziaren ostean, aurten ere errepikatzea erabaki dute.
Nolatan bururatu zitzaizuen Zegamara lanera etorri eta pisu bat alokatzea uda pasa geratzeko bertan?
Udan lan egin nahi genuen eta urtean zehar enpresa batekin lanean ari gara. Hasieran ez genekien non egongo ginen baina bat batean gu bioi eta beste biri Zegamara etorri behar genuela esan ziguten. Ez genuen ia elkar ezagutzen eta ez genuen harreman handiri. Hala ere, lanean hasi eta bi astera oso giro ona genuela gure artean konturatu ginen eta talde bikaina osatu genuen Zegaman.
Pisua alokatzearen ideia trago pare bat hartu ondoren iritsi zen, egia esan. Bero handia egin zuen eta lan egun gogorra izan zen. Beraz, laneko estresak alde batera uzteko zerbait hartzera joan ginen laurok eta, alkoholak erabakia hartzeko ziurtasuna eman zigun. Uda bukaerarako planak pentsatzen hasi ginen eta baten batek, bat-batean bertan etxe bat alokatzearen ideia bota zuen eta halaxe gaude gaur egun, pisuan.
Iazko udan plan bera egin zenuten eta aurten ere errepikatzea erabaki duzue. Zein izan dira esperientzia hau errepikatzeko faktore erabakigarriak?
Enekok esan bezala, giro ona geneukan lankideen artean eta behin ondo atera bazitzaigun, zera pentsatu genuen: bigarrenean zergatik ez? Beraz, udako lan hau mantenduz esperientzia errepikatzea pentsatu genuen, baina beti ere argi utziz denok etorriko ginela elkarrekin ala inor ez zela etorriko. Argi daukagu lanera etorri garela, baina giro onean eta lagunartean lan egitea beti da atseginagoa guztiontzat. Horrek bultzatu gaitu batez ere esperientzia errepikatzera. Horrez gain, hasieran ez genuen inor ezagutzen Zegaman eta pixkanaka-pixkanaka gure adin inguruko zegamarrak ezagutzen joan ginen. Ondoren, zaharragoak eta azkenean lagun asko egin ditugu hemen. Esan beharra dugu herrian oso ondo hartu gaituztela, beraz, horren gustura sentituta hemen, itzultzea erabaki genuen.
Zegamako uda hauetako anekdota barregarririk baduzue gogoan?
Anekdota, anekdota… bere horretan, ez. Baina, esan bezala, lagun asko egin ditugu Zegaman eta baten batek lagunak baino ‘zerbait gehiago’ ere bai. Hortxe utziko dugu. Horrez gain, beti barregarria iruditu zaiguna Zegaman bi uda pasa arren oraindik ez dugula Aizkorri zapaldu da, baina badugu denbora oraindik.
Hurrengo urtera begira plan bera duzue buruan ala zerbait berria probatzeko asmotan zabiltzate?
Ez dakigu. Iazko uda amaieran igerilekuaz nazkatu ginen eta ez ginela berriro itzuliko esan genuen, baina ez dakigu hurrengo urtean non egongo garen. Hala ere, lanerako gogoa izanez gero itzuliko gara, Zegamako igerilekura, ez beste inongora, gure esku badago behintzat. Zegamak badu zerbait harrapatu gaituena.