'Egin zure sagar zukua' tailerra Igartubeiti Baserrian
'Egin zure sagar zukua' tailerra eskaini dute gaur goizean Igartubeiti Baserrian. Baserria ikusi dute lehenik eta zukua egin dute ondoren, dastaketa eta guzti.
Igartubeiti Baserrira leku askotatik etorri ohi da jendea, sagardoaren misterioak eta bitxikeriak ezagutu eta goiz pasa ederra egitera. Gaurkoan hamar bat pertsona inguru elkartu dira baserriaren bueltan ‘Egizu zure sagar zukua’ tailerraren baitan, goizeko 11:30etan. Lehenik eta behin Igartubeiti Baserriko inguruak ikusi dituzte eta ondoren, barrualdeak ezkutatzen dituen istorioak eta historia ezagutzeko asmoz sartu dira baserriaren iluntasunean.
Sarrerako atearen eta Igartubeiti osatzen duten egurren inguruan solsean aritu dira lehenbizi eta gidari laneta zebilenak garai historikoaren baitako testuinguruan kokatu ditu bisitariak. Ondoren, egurrezko ate handia zeharkatu eta lehenengo gelara iritsi dira, sarrera eta sukaldea. Bertan, sukaldearen nondik norakoen berri izan dute eta baserriaren erabileraren inguruko zenbait gako azaldu ditu.
Jarraian, logelak ikusi ahal izan dituzte eta bitxikeria gisa, Handia filmaren eszena bat bertan grabatu zela adierazi dute. Hortik ikulura joan dira bisitariak eta bertan, hainbat lanabes ikustearekin batera, baserriaren arkitekturaren parte garrantzitsua diren habe ikaragarriak izan dituzte parez pare. Goiko solairuan, zerealak eta hainbat lanabes gordetzen ziren lekua ikusteaz gain sagardoa egiteko tresnak, batez ere, solairu horretan protagonista den tolarea eta mekanismoak ezagutu ahal izan dituzte. Bisita gidatuan zehar gidari izan dutenak familia guztiarentzako moduko azalpenak eman dizkie une oro, izan ere, haur batzuk tarteko izanik, haiek ulertzeko moduko azalpenak eman dizkie, haiei egokituta; betiko azalpen garatuagoak ematearekin batera.
Behin baserriaren barrualdea ezagututa kanpora irten dira eta bertan, hasi da festa. ‘Egin zure sagar zukua’ tailerrari hasiera eman diote, sagar zukua egiteko prozesua ikasteko. Sagarrak txikitu dituzte lehendabizi pisoiak erabiliz eta ondoren, palen bitartez jaso dute txikitutakoa. Hortik beste ontzi batera eraman dituzte sagar zatiak, presioaren bitartez zukua ateratzeko eta behin zukua pitxarrera aterata dastatzeko unea iritsi da. Sagar zukua dastatu dute bisitariek, gazta puska batzuk lagun eta solasean aritu dira bisitako gidariarekin, Goierriko txokoetako bitxikeria gehiagoren inguruan.
Hemen gaurko Igartubeiti Baserriko goizaren laburpena: