Gaur zortzi ospatuko da Ordiziako azoka berezia
Pandemia aurretik bezala ospatuko da azoka berezia Ordizian, datorren asteazkenean. Lehen sektorearen erakusleiho erraldoia izango da. Gazta txapelketaren 49. edizioa egingo dute Beti Alai pilotalekuan.
Gaur zortzi ospatuko da Euskal Jaien baitan, urteko azoka bereziena, Ordizian. Gaurko azoka eguna baliatuz, Plaza Nagusian aurkeztu dute datorren asteazkenak ekarriko duena. Bertan izan dira Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideak, Idiazabal Jatorri Izendapenaren ordezkaria Miriam Molina, Kutxa Fundazioko ordezkaria Garbiñe Garmendia eta Amarenak etxeko diseinatzailea eta zuzendaria Oihane Pardo.
Datorren asteazkenean “azoka berezia ezagutu izan dugun moduan ospatuko da, hiru urteren ondoren”, aurreratu du Adur Ezenarro alkateak, xehetasun gehiagotan sartu aurretik. Azoka bereziaren baitan, gazta txapelketa egingo dute. Azkeneko bi urteetan, osasun larrialdiagatik, Euskal Jaien egitaraua ia bere osotasunean bertan behera geratu zen, gazta txapelketa izan ezik, neurri bereziekin ospatu zena. Aurten baina, betiko azoka berezia itzuliko da eta gazta txapelketa ere, azkeneko bi urteetako neurri berezirik gabe, eta pilotalekuko ateak denentzat zabalik egingo dute.
Gazta txapelketari dagokionez esan, aurtengoa, 49. edizioa izango dela, eta gaztagileen parte hartze zabala espero dela. Irabazlearen izena, asteazkenean, 13:30ak inguruan jakinaraziko dute, adituek eta gonbidatu bereziek osatutako duten epaimahaiak, goiz osoan zehar, gaztak dastatu eta baloratu ondoren. Egun horretan, urduritasuna eta emozioa itzuliko dira Beti Alai pilotalekura, zeren gainera, Ezenarrok iragarri duen moduan, urrezko Kutxa Fundazioa garaikurra entregatzeko aukerak izango dira. Sari hori, azkeneko 10 urteetan hiru aldiz irabazi dutenek jaso dezakete bakarrik. Momentu honetan, sari hori lortzeko aukerak, hiru gaztagilek dituzte: Ipiñaburu gaztandegiko (Zeanuri, Bizkai) Jon Etxebarria Zeanuritarra (2012,2015), S.C. Kortaria gaztandekiko (Lekaroz, Nafarroa) Julen Arburua (2018, 2019) eta Ondarre gaztandegiko (Segura, Gipuzkoa) Eneko Goiburu (2014, 2021).
Garbiñe Garmendia Kutxa Fundazioko ordezkaria, “ilusioz” agertu da, gazta txapelketako sari nagusiaren entrega egingo dutelako beste behin ere, eta urrezko kutxa garaikurra banatzeko aukera handiak daudelako. Gogoratu du “1964 urtetik” ari dela Kutxa ekitaldia babesten. “Gipuzkoako ekonomiaren eta gizartearen garapen jasangarria bultzatzea egonik, sari hauen helburua, gaztagintzaren garapena sustatzea eta bistaratzea da, eta bide batez, sektore honetan egiten den lan ona aitortzea”, nabarmendu du Garmendiak.
Egun handiak emango duenarekin jarraituz, ohiko moduan, gazta lehiaketaren txapeldunaren izena ezagututa, enkantea egingo dute. Iaz, Eneko Goiburu gaztagile segurarrak irabazi txapelketa eta enkantean 9.400 euro ordaindu zituen Zaragozako (Espainia) El Cisne hoteleko Javier Garciak.
Gazta produkzioa mantendu egin da
Idiazabal Jatorri Izendapenaren ordezkari Miriam Molina ere “pozik” agertu da, beste behin ere Ordiziako gazta lehiaketa egingo delako, eta eskerrak eman dizkie, ekitaldia posible egiten duten guztiei, “sektorea bizitzen ari den zailtasunen aurrean, babesa emateagatik”. Aurtengo produkzioaren iragarpena, iazkoaren pare kokatu du Molina; “1.341.000 tona”.
Nekazarien eta abeltzainen lanaren erakusleihoa
Aldi berean, barazki, fruta eta perretxiko erakusketa eta salmenta postuak izango dira Joxe Migel Barandiaran enparantzan. Produktu hauen lehiaketa berreskuratuko da aurten. Era berean, euskal oiloaren lehiaketa ere itzuliko da. Garagartza plazan berriz, Gipuzkoako piriniar arrazako behien lehiaketa egingo dute. Herrialdeko abeltzainek bertako piriniar arrazako ganadua jarriko dute erakusgai. Lehiaketaz kanpo, idiskoen erakusketa ere izango da. Aurten ere ganadu-lehiaketa herrialde mailakoa izango da, eta soilik
piriniar arrazako ganaduena izango da.
Uzta onenak, Amarenak jantzita
Plaza Nagusian, asteazkeneroko azoka izango da, galaz jantzita. Baserritarrek uzta onenak jarriko dituzte erosleen esku-eskura. Udalak gainera, aipamen bereziak banatuko ditu, urte osoko lana saritze aldera.
Galaz jantzita, ez bakarrik uzta onenengatik, izan ere, baserritarren postuak, egun horretarako sortutako mahai-oihalez atonduko dituztelako ere. Mahai-oihalak ezagutzeko aukera eman dute aurkezpenean, eta sortzaileak, Amarenak etxeko Oihana Pardok, pieza horren sortze prozesuaren inguruko xehetasunak eman ditu. Kontatu du, “ia bi urte iraun duen prozesua” izan dela, eta “elkarlana” izan dela nagusi. “Kontatu nahi dugunaren historia aztertu dugu eta Ordiziako Azokak duen garrantzia ikusita, ohartu ginen benetan ibilbide honetan garrantzitsuak pertsonak zirela. Asteazkenero-asteazkenero, belaunaldiz belaunaldi azokara etortzen diren baserritar eta nekazariak”. Horretarako, hainbat elkarrizketa egin ziren eta bertatik ondorioztatu zen bakoitzarentzako zer zen azoka eta azokaren etorkizuna nola ikusten zuten, besteak beste. Prozesu “luzea” izan dela nabarmendu du Pardok.
Elkarrizketa horietan hainbat mezu errepikatu zirela azaldu du Amarenak etxeko zuzendariak; “eskulana, ondarea, memoria, haurtzaroko oroitzapenak, alaitasuna… eta hala sortu da oihal berria”. Ondoren, “euskal ondareko mahai oihal garrantzitsuenak hartu eta horiek dituzten hiru estanpatu ezagunenak hartu genituen, nahastu, eta berri bat sortu genuen”. Oihala, “eskuz” egin dute, “guretzako oso garrantzitsua zen hala egitea, eskulanaren ideia hori oinarrian izatea”. Koloreari dagokionez, ez dute zalantzarik izan, “berdea, naturaren, barazki eta Ordiziako Azokaren kolorea izan behar derrigor”.