«Indartsu» datoz Euskal Jaiak
Emaneurre Euskarari Egunarekin hasiko dira Ordiziako Euskal Jaiak, larunbatean. Aurtengo berrikuntza izango da, emakumeen txirrindularitza proba jokatuko dela
Hiru urte, hiru urte igaro dira, Ordiziako Euskal Jaiak normaltasunez ospatu ez direla. Azkeneko bi urteetan, ohiko egitaraurik ez da izan osasun larrialdiagatik. Gazta txapelketa izan zen mantendu zen ekitaldi bakarra, betikoaren antza bai, baina neurri bereziekin egin behar izan zuten. Aurten, bai, astebeteko egitarau bete-betearekin datoz Euskal Jaiak Ordiziara. Udalak eta herriko eragileek, egunotako egitaraua aurkeztu zuten atzo arratsaldean. Jaien atarian, Maitane Alvarez alkateordeak nabarmendu du «indartsu» hasiko dutela iraila Ordizian, «berriz ere guretzat horren bereziak diren Euskal Jaiak ospatuz».
Aldaketa handirik gabeko egitaraua izango da. Musika kontzertuek indar handia izango dute; Gozategi eta Huntza taldeak izango dira Ordizian. Aipatzekoa, aurten ez dela, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketarik egingo. Eta berrikuntza aipagarriena, lehen aldiz, Emakumeen Ordiziako Klasikoa txirrindularitza proba jokatuko dela, Txapel Gorrik antolatuta, irailaren 11n, igandean.
Emaneurre Euskarari Egunarekin hasiko dituzte Euskal Jaiak, larunbatean. Egun honetan jokatuko da, kuadrillen arteko herri kirol txapelketa. 19 taldek eman dute parte hartzeko izena. Txapelketan parte hartzeko zortzi pertsonez osatutako taldea egin behar da, eta emaneurretaldea@gmail.com epostara idatzi behar da. Partaide bakoitzeko 10 euro ordaindu behar dira. Txapelketaren ondoren, herri bazkaria izango da. Txapelketan parte hartu ez dutenek ere joan ahalko dute bazkarira, txartela erosita —10 euroren truke, Amonane, Sugaar eta Kirkil tabernetan salgai—.
Emaneurre Euskarari Eguna, Gozategi taldearen kontzertuarekin itxiko dute. Plaza Nagusian izango da, 23:00etan hasita.
Igandean, jubilatuen eguna izango da. Bazkarirako txartelak salgai daude, Zuhaizti zentroan. Bazkaria, Beti Alai pilotalekuan izango da, eta Goierriko Bertso Eskolako bertsolariak ere izango dira bertan. Bazkal ondoren, dantzaldia izango da.
Astelehena, atseden eguna izango da, jaien egitarauari dagokionean behintzat, eta asteartean berrekingo diote. Egun horretan bueltan izango da Goierriko odolki txapelketa eta dastaketa. Aurten 26. edizioa izango da. Buruhandi eta erraldoien kalejira ere izango da Burrunbazale txarangak girotuta, eta 19:00etan hasita, ardoa eta sagardoa dastatzeko aukera, Zuhaiztian. Ordiziako Udalak helarazi du, egun horretan, afaltzeko, azoka postuak hartu ahal izango direla, 17:00etatik aurrera. Erabilitako mahaiak, aurkitu bezala uzteko eskatu dute.
Azoka berezia
Asteazkenean, azoka berezia ospatuko da, eta baserritar jantziarekin kalera ateratzeko gonbita luzatu du udalak. Egun hau, lehen sektorearen erakusleiho erraldoia izango da. Ardi latxaren esne gordinaz ondutako gazta txapelketak ere egun honetan izango du hitzordua.
Ostegunean ez da ekitaldi berezirik izango eta asteburura begira piztuko da jaia berriro ere. Ostiralean, haurrentzako puzgarriak izango dira Plaza Nagusian, besteak beste. Larunbatean, euskal sagardo festa itzuliko da, eta gauean, Huntza taldearen kontzertua izango da, Plaza Nagusian.
Igandean, Euskal Jaien azken egunean, Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketaren sari emate ekitaldia egingo dute Barrena kultur etxean, eguerdi partean, eta arratsaldean, berriz, aurtengo berrikuntza izango dena, Emakumeen Ordiziako Klasikoa txirrindularitza proba jokatuko da, lehenengo aldiz. Horrekin amaituko dira, itxaronaldi luzearen osteko lehen Euskal Jaiak.