Juani Urretabizkaia eta Iñaki Zubeldia omenduko dituzte Agortako jaietan
Muruazpiko senar-emazteak igandean goratuko dituzte. "Inork ez du imaginatu ere egiten Muruazpirik gabeko Beasainmendiko festarik"
Iraileko lehen asteburua Agortako jaien sinonimoa da. Larunbatean hasiko dute festa, herri afariarekin. Kirol probak eta musika izango dira protagonistak.
Muruazpiko Juani Urretabizkaia eta Iñaki Zubeldia omenduko dituzte igandean 13:00etan. Zubeldia 1952ko urtarrilaren 14an Itsasondoko Itsasa baserrian jaio zen; Urretabizkaiak, berriz, 68 bete ditu aurten, Beasainmendiko Muruazpi baserrian 1954ko otsailaren 8an jaio baitzen. 1971an ezagutu zuten elkar eta 1975 Beasainmendira ezkondu ziren. Biak Agortako jaiaren sortzaileetakoak dira, eta komisioko kideen esanetan, langile “finak” dira. “Jaietako bilera gehienak, denaz ez esateagatik, Muruazpin izan dira; bertakoek kafea, hamaiketakoa, merienda-afaria,… eskaini dizkigute inolako ordainik gabe. Inork ez du imaginatu ere egiten Muruazpirik gabeko Beasainmendiko festarik”, diote.
Bazkarirako txartelak jada salgai daude. Arrano tabernan, Azurmendi harategian eta Montoya harategian eros daitezke.
Usurbera igoera
Usurbera igoerako izen ematea ere zabalik dago. Online edo egunean bertan aurrez aurre egin daiteke. Azken unean egitea bi euro garestiagoa da, 17 euro.
Artzaienea paretik irten eta zuzenean Agorta aldera joko dute, Andra Mari eliza, Erauskin kalea eta Erauskin auzoa zeharkatuta. 5 kilometroko ibilbidea da, eta 450 bat metroko desnibel metatua du.
480 euro banatuko dituzte sarietan. Herriko lehen gizon emakumeek ere izango dute ordaina. Gainera, marka apurtzen duenak 80 euroko gainsaria izango du. Gizonezkoen kasuan 20 minutu eta 44 segundokoa da (Oier Ariznabarreta, 2014) eta, emakumezkoetan, 25 minutu eta 9 segundo (Majida Maayouf 2018).