Abuztu bukaera, frutaz emankorra
Ordiziako hileko azken feria aberatsa izan da. Produktu berri asko, sagar mota gehiago, muxikak, pikuak, irasagarrak eta beste zenbait nobedade ekarri dituzte.
Joan da oporretako hilabetea den hori. Denentzat hala ez bada ere, ferian erritmo aldaketa antz ematen da, ohiko bezero batzuen faltak eta kanpoko jendearen presentziak markatuta batez ere. Salmentei begira, berriz, erraz eramateko produktuak, ontziratutakoak eta oparitarako edo oroimenerako egokiak direnak dira salduenak. Barazki eta fruta saltzaileek ez dute hain hilabete ona izan.
Abuztu bukaerarekin bat egin zuen atzoko feriak, eta nobedade dezente agertu zituzten. Tomate klase berriak, esate baterako, Baliarraingo Edurne Jauregiren postuan ikusi ziren: Krimeako beltza batetik, ez da hain tomate emankorra eta oso delikatua da, baina lortzen diren horiek oso goxoak dira; etaMontserrat izeneko tomate handiak ere bazituen, eta biak ala biak 4,5€/k. Baratxuri freskoak ekartzen ere hasi da, normalean baino goizago beroak eraginda edo (1€/sorta). Hiru piku mota ere aukeran ziren postu bereaj Joan zen astean ekarri zuen beltzari, zuria eta tartekoa (more argia) gehituz, 3€/k.
Sagarra, gure fruta izarra
Urtea joan urtea etorri, hori agerian geratzen da. Atzo ere hiru sagar mota berri ekarri zituzten. Joxe Antonio Aizpuru errezildarrak arreta bereziarekin Hiruizkina izenekoa aurkeztu zuen. «Galtzear dagoen sagar mota da, Gipuzkoan bakarrenetakoa da gurea. Hiru txertatu ditugu, eta aurrera bidean da. Erretzeko espeziala da, azalak berez alde egiten dio eta mami gorrixta gelditzen zaio». Kiloa 2,5 euroan zuen. Junbo sagar handia ere ekarri zuen, denda bateko erakusleiho batean jartzeko enkargatuak zituela aipatuz. Irasagar gutxi batzuk ere bai, «mustrarako, aurten oso gutxi izango da eta». Akane sagarra ere jarri zuten salgai Arantxa Zurutuzarenean, baina diazabalgo Kalbariokoena. Gordina jateko oso ona da, eta bertako Jose Ramon Aseginolazak zioenez, «estimazio handiena duenetakoa» da.
Muxika ere bazegoen salgai, Altzagako Arantxa Lopategiren postuan. Itxuraz txikia eta tanta beltz antzekoa baldin badu ere, gustuz bikaina eta prezioan aitzakiarik ez du: 2€/k.
Bestetik, neguko janari beroetan pentsatzen hasi da Patxi Atienza. Urtero bezala baba txikia ekarri du (6€/k): «Kosta zait aurten lortzea, lehortearekin oso gutxi bildu omen da». Bezero jakinak ditu baba mota horrek. Azal fina duen frantsesa esaten zaiona da.
Datorren astean urteko sona handieneko feria berezia izango da. Salmentak ere araberakoak izan daitezela.