Ikastaro berriak proposatu ditu udalak 2022-2023 ikasturterako
Aurtengo berrikuntzak dira txalaparta, emantzipaziorako sukaldaritza, tai-chi, erorketak saihestuz, zirkuitu bioosasuntsua eta ecstatic dance ikastaroak. Irailaren 15a baino lehen eman behar da izena.
Idiazabalgo Udalak 2022-2023 ikasturterako ikastaro proposamenak argitaratu ditu. Emakumeen Ahalduntze Eskola, Euskara, Kirola, Kultura eta Ongizatea sailetatik aukera zabala prestatu dute. Berrikuntza batzuekin dator aurtengo proposamena ongizate, kirol eta kultur arloan. Aurreko urteetan proposatutakoez gain, txalaparta, emantzipaziorako sukaldaritza, tai-chi, erorketak saihestuz, zirkuitu bioosasuntsua eta ecstatic dance ikastaroak ere daude aukeran. Kirol ikastaroetan bi asteko probaldia egingo dute, eta ondorengo bajak ordaindu egin beharko dira.
Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 15ean bukatuko da. Liburutegian aurrez aurre edo online udalaren webgunean eman behar da izena. Hilaren 20an behin behineko zerrendak argitaratuko dituzte, 27an behin-betikoak, eta urriaren 3an hasiko dira ikastaroak. Ahalduntze Eskolak, gainera, tertulia eta hausnarketa saioak egingo ditu urriaren 13an, azaroaren 10ean eta abenduaren lehenean Pilarren Ganbaran, 18:00etatik 20:00etara.
Kultura sailetik, egur taila, jostuntza, txalaparta, emanzipaziorako sukaldaritza eta altzariak zaharberritzeko ikastaroak antolatu dituzte. Ahalduntze Eskolan, sendabelarrekin kosmetika tailerra, autodefentsa feminista, zoru pelbikoa lantzeko eta menopausiaren inguruko ikastaroak egingo dira. Kirolari dagokionez, spinning, yoga, TRX, pilates, GAP, gaztefit, mantentze soinketa edota taichi dira egin dituzte proposamenak. Ongizate sailetik, aldiz, oroimen tailerra, erorketak saihesteko ikastaroa, zirkuitu bioosasuntsua, ecstatic dance eta Izalbira paseoak antolatu dituzte. Ordutegiak eta tasak www.idiazabal.eus helbidean daude ikusgai.