Pentsio publiko duinen aldeko mobilizazioak astelehenean itzuliko dira
Goierri behean, Ordizian Plaza Nagusian eta Goierri garaian, Urretxun eta Zumarragan Areizaga Kalebarren plazan deitu dituzte elkarretaratzeak. Mobilizatzeko deia egin dute
Abuztuan etena egin ondoren, datorren astelehenean itzuliko dira pentsio publiko duinen aldeko mobilizazioak, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Goierrin ere berrekingo diote mobilizazioei, Goierriko Pentsiodunek deituta: Goierri behean, Ordiziako Plaza Nagusian egingo dute elkarretaratzea, 11:00etan—hilabeteko lehenen eta hirugarren astelehenean Ordizian, bigarrenean Lazkaon eta laugarrenean Beasainen—. Goierri goian, Urretxu-Zumarragan elkartuko dira, Areizaga-Kalebarren plazan 11:30etik aurrera.
Dagoeneko, ia bost urte bete dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, baita Goierriko Pentsiodunek ere, pentsio publiko duinen aldeko mobilizazioak hasi zituztela, eta garbi dute «arrazoi asko» daudela «kaleak hartu eta mobilizatzen» jarraitzeko; «Lehengo egoera kaxkarrari gehitu behar zaio momentu honetan dagoen inflazioa, beraz, herritarren bizi kalitateak are gehiago egin du behera, nabarmen gainera, zer esanik ez, pentsio baxuenak dituztenen kasuan, horregatik jarraituko dugu exijitzen 1.080 euroko pentsio publiko minimoak». Alargunen kasuan, «%100eko pentsioa exijitzen dugu haientzat». Garbi dute, «dirua egon badago, kontua da, egoera zaurgarrian dauden herritarren bizi kalitatea bermatzeko borondate politikorik ez dagoela», argudiatu dute Goierriko Pentsiodunek.
Madrilera protestatzera
Euskal Herriko herrietan berrekingo dituzten asteleheneroko mobilizazioez gain, ikasturte berrian, «pentsiodunen eta herritar guztien eskubideen alde borrokan tinko segiko» dutela iragarri dute.
Hala, datorren urriaren 15ean, Madrilera joango dira protesta egitera; «Eskriba jaunaren legeagatik %3a galdu dugu, eta exijitzen dugu KPI-aren igoera erreala».
Horregatik, 2022 hasieran sinadura bilketa abiatu zuten. 70.000 sinadura bildu dituzte Hego Euskal Herrian. Urriaren 15ean, Madrilgo Kongresuan entregatuko dituzte Hego Euskal Herrian eta Espainiar estatu osoan bildutako sinadurak. Madrilera joateko autobusak antolatuko dituzte, baita Goierritik ere. Horren inguruko informazio gehiago luzatuko dute hurrengo egunetan. Bien bitartean, astelehenetako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete goierritar guztiei, «eskubideen alde indarrak batzeko».