San Gregorion jai-aro berrirantz
Ataungo San Gregorio auzoan gaur hasiko dira festak, igandera arte. Haurren eguna dute lehenengo hau, eta kuadrillena bihar. Gazte belaunaldi berriak batuko dira festara
San Gregorio auzoko ataundarrak festan ibiliko dira, gaurtik igandera. Azkeneko aldiz duela hiru urte ospatu ondoren, ohiko egun kopurura —lau— eta egiturara itzuli dira jaiak. Antolatzen pandemia aurreko taldea aritu da, gazte batzuk sartu badira ere.
Umeen Egunarekin, gaur 11:00etan botako dute txupina. Haurrentzako bideratutakoa izango da egitarauaren gehiena: bazkaria, puzgarriak…
Iluntzean, pilota partidan izar gonbidatu nagusia Bengoetxea VI.a izango da, profesional ohia. Haren aurkari, aurreko koadroetan, baita bertako Beñat Senar ere, afizionatuetako txapelduna. Auzo afariarekin borobilduko dute estreinako jardunaldia; eguraldi ona bada plazan, bestela Zelai pilotalekuaren abaroan.
Jaietako plater handienetako bat biharkoa izango dute, kuadrillen eguna. «Festetako egunik potenteena izaten da. Bazkarian 160 bat lagun izango gara, erabat bete da. Afarian ere, 150 lagun. Ataun guztiko gazteak elkartuko gara, aspaldiko gehien. Azken belaunaldiak jendetsuak dira, eta pandemiaren irteeratik igoera asko nabaritu da, azken hiru urteetako belaunaldiak sartu direlako», azaldu du San Gregorioko Festa Batzordeko Unai Oiarbidek.
Eguerdian hasiko da martxa, bazkal aurreko errondekin. Txuriz jantzita joango dira ataundarrak. Bazkal ondoren, «mozkor jolasak» egingo dituzte, «beste herri batzuetatik ideia hartuta». Herri kirolak izango ditu ardatz, baina kirolean debekatutako bixigarriekin. «Berritasuna hori da. Azken urteetan karro karrerak ez zuen partehartzerik izaten, eta zerbait berria jarrita, ea animatzen den. Erreka jaitsiera ere egingo da, eta iluntzean presoen aldeko kalejira».
Asteburuan segida
Haurrak eta gazteak gozatu ondoren, larunbatean tradiziozko ekitaldiei egingo diete lekua, San Gregorio egunean. Meza, salda Pelotazalen, eta toka lehiaketak izango dira. Baita herri bazkaria ere. Azken urtean 50-60 bat lagun joan izan baziren, aurten gutxixeago bilduko direla aurreratu dute antolatzaileek; 40 bat izango dira.
Zapatu arratsaldea haurrentzako jolasentzat gorde ondoren, iluntzea gazteriarentzako izango da atzera. Ioar Aizpurua DJ ataundarrak girotuko du musikarekin. Afaltzeko oilaskoak izango dira, eta gauean hiru talderen kontzertua: Tirokatuak (Ataungoak dira), Nafarroa 1512 (Arbizukoak), eta Soinuz Blai erromeria taldea (getariar-zarauztarrak).
Mozorrotuen festa ere zapatu gauean izango da. Haurren festa arratsean egingo dute, eta helduen lehiaketa goizaldeko ordu txikietan.
Gaueko autobus zerbitzu berezia egongo da San Gregorioko jaietara. «Jendea lasai etor daiteke, eta animatu dadila. Bi urteren ondoren, giro polita egongo da», aurreratu du Oiarbidek.
Otorduetako txartelak salgai Urbietan, Errotaundin eta Sutegin eduki dituzte. Auzo afarirako, kuadrillen bazkarirako eta afarirako, oilaskotarako eta herri bazkarirako erosi behar dira.
San Gregorioko festen errematea igandean emango dute. Eate abesbatzakoek gidatuko dute eguerdiko kantu jira. Azkenik, Otsoak dantza taldeak auzoan zehar dantzatuko du, kontzertu akustiko batekin amaitu aurrez.