Santorinin zauritutako beasaindarra ZIUtik atera da
Beasaingo 33 urteko gaztearen egoerak hobera egin du, baina oraindik ez dute Gipuzkoara ekartzeko datarik jarri.
Abuztuan Santorini uhartean (Grezia) jipoitu eta zauritu zuten gazte beasaindarrak hobera egin du. Asteartean atera zuten Zaintza Intentsiboen Unitatetik (ZIU) eta Atenaseko ospitalean jarraitzen du. Medikuek azaldu dutenez, bere garapena ona izaten ari da, baina oraindik ez dute Gipuzkoara ekartzeko datarik jarri.
Gertakariak abuztuaren 11n izan ziren, Santorini uharteko Thira hiriburuan. 16 eta 20 urteko lau gazte frantziarrek 33 urteko beasaindar bat erasotu eta dirua eta telefono mugikorra lapurtu zioten. Thirako ospitalera eraman zuten zauri larriekin, eta handik Atenaseko Envanguelismos ospitalera lekualdatu zuten gero.