Txirrindularitza proba bana jokatuko da asteburuan Zegaman eta Beasainen
Larunbatean 90. San Bartolome proba jokatuko da Zegaman, Lehendakari Txapelketaren barruan. Igandean, berriz, 41. Beasain proba klasikoa izango da, junior mailako txirrindulariena
Txirrindularitza asteburua izango da datorrena Goierrin. Proba bana jokatuko da Zegaman eta Beasainen. Zegaman, larunbatean, Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak antolatutako 90. San Bartolome saria jokatuko da, Lehendakari Txapelketaren barrukoa. Igandean, Beasainen, 41. Beasain proba klasikoa jokatuko da, junior mailako txirrindulariak bilduko dituena.
San Bartolome saria, 27 urtez eta 23 urtez azpikoena, 09:00etan hasiko da. 118 kilometro egingo dituzte. Zegamatik irtengo dira, Segurako alde zaharretik igaro, Zegamara itzuli eta bertatik Ormaiztegira abiatzeko. Lehen aldiz Lierniko gaina 28,5 kilometroan igoko dute. Mutiloara jaitsi, Segurako biribilgunetik Olaberriko zubira joango dira, Ormaiztegitik berriro Lierni gainera igotzeko. Itzuli hori bost aldiz egingo dute. Azken itzulian, Liernira igo eta Seguratik Barbaris gainera joango dira, lasterketa Zegaman bukatzeko.
Igandeko proba, aldiz, 115,2 kilometrokoa izango da, junior mailakoen munduko txapelketaren aurreko proba. 10:30ean aterako dira Beasaingo N-1 errepideko sarreratik. Ordiziako bidetik Alegiraino joango dira, han itzulia eman eta Beasainera bueltatzeko. Salbatoretik Ormaiztegira abiatuko dira, eta bertatik Lierni igoko dute. Alegira itzuli eta Altzora joango dira gero. Goierrira itzuli eta bertan egingo dituzte azkeneko kilometroak. Olaberria eta Beasain ingurutik Liernira joko dute berriro, eta bertatik Olaberria pasata Beasainen bukatuko dute proba.
Berasategi hirugarren
Lehendakari txapelketan, Zegamakoaren ondoren beste hiru proba geratuko dira txapelketa amaitzeko: Urdulizen, Baranbion eta Altsasun. Sailkapen orokorrean Caja Ruraleko Mulu Hailemichael doa lehenengo postuan 116 punturekin, talde bereko Abel Balderstone bigarren 107 punturekin, eta hirugarren Laboral Kutxako Xabier Berasategi olaberritarra 92 punturekin, Eiser-Hirumet taldeko Ander Ganzabalekin puntutan berdinduta. Azkeneko probak erabakigarriak izango dira aurtengo Lehendakari txapelketako txapelduna nor den zehazteko.