'Ehundu!' familientzako tailerra antolatu dute irailaren 10erako
Igartubeiti Baserri Museoak eta Ezkutuko altxorrak ekimenak Ehundu! familientzako tailerra antolatu du irailaren 10erako. 16:30ean hasiko da Igartubeitiko Interpretazio Zentroan eta parte hartzaileek ehungintza lanbidearen nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dute. Bakoitzak bere oihala egingo du gainera. Aldez aurretik izena eman behar dute interesa dutenek, 943 72 20 42 telefono zenbakira deituta.
Ehungintza lanbidea ezagutzeaz gain, lihoaren landarea ehun bihurtzeko prozesua ikusiko dute baserri museoan bertan, eta oihal baten oinarrizko egitura ezagutuko dute. 6 eta 12 urte arteko haurrei eta haien gurasoei zuzendutako tailerra da, doakoa. Udako programazioaren barruan, Ezkutuko altxorrak ekimenarekin batera antolatzen duten bigarren jarduera da. Lehenengoan, abuztuaren 14an bisita gidatua eta dastaketa izan zuten hamasei lagunek.
Hilaren 6an zabalik
Irailaren 6an, datorren asteartean, Elkanoren jai egunez, irekita egongo da Igartubeiti Baserri Museoa, 10:00etatik 19:00etara. Irailaren 9an, aldiz, Arantzazuko Birjinaren egunez, itxi egingo dute. Jai egunaren ondoren, hilaren 10eko tailerrean parte hartu nahi dutenek, beraz, izena emanez jakinarazi beharko dute aurrez.