Otatza Gaztandegikoak 38.Gazta Lehiaketako txapeldun
Otatza Gaztandegiak irabazi du Gipuzkoako Artzain Eguneko 38.Gazta Lehiaketa. Giro bikaina izan dute egun guztian zehar eta Otatza Gaztandegikoentzat goiz borobila izan da, sari bat baino gehiagorekin itzuli baitira etxera.
Gaurkoan Gipuzkoako Artzain Eguna ospatu dute Legazpin. Goizean zehar hainbat ekintza, omenaldi, ikuskizun zein dastaketa izan dituzte bertaratu direnek. Horrez gain, egun honetan oso berezia izaten den 38. Gazta Lehiaketa ere egin dute eta hainbat sari banatu dituzte honen baitan.
Omenaldiak
Goiza igaro ahala ikuskizunak eta musika izan dira nagusi. Elustondo anai-arrebek berotu dute giroa, soinu eta pandero hotsez. Ekitaldiekin hasteko, omenaldia egin diete Gipuzkoako adineko artzainei, Ameriketara artzain lanetan aritzera joan ziren euskaldunak horiei eta ibilbide oparoa izan dutenei.
Lehen omendua, Berastegitik etorritako bikotea izan da, Maria Luisa Alberdi eta Juan Ezenarro. Maria Luisa betidanik ibili izan da artzaintzan eta 1997 inguruan esplotazio berria ireki zuen. 2003an alaba hasi zen berarekin lanean eta duela 10 urte jubilatu zen. Asier Osinalderen eskutik jaso dute omenezko artzain makila.
Hurrenak Ameriketan ibilitako artzainak izan dira omenaldiko eszenatokira igo direnak. Horietako bat Luizio Irisarriarrikua da. Californian ibili zen mendiaren bakardadean artzain lanetan 9 urtez. Tomas Ibarra zubietarra ere Ameriketara joan zen 1993.urtean, 28 urte zituela. 4 urte egin zituen bertan eta ondorioz, omendua izan da gaurko Gipuzkoako Artzain egunean. Herriko alkatearen eskutik jaso dute saria biek.
Omenaldi ekitaldiarekin amaitzeko Gipuzkoako artzain bat omentzeko unea iritsi da, egindako ibilbidea dela eta. Aurten Zezilio Goñi amezketarraren txanda izan da. Omendu guztiak oholtzan zituztela Sustraiak Dantza Taldeko bi dantzarik agurra eskaini diete.
Sariak
Emaitzarik onenak emandako ardien saria banatuz hasi dute sari-banaketa. Oholtzara igo diren lehenak Aizpea Baserrikoak izan dira eta herriko alkate den Koldobike Olaetxearen eskutik bi sari jaso dituzte. Mutur gorrietan Gomiztegi Gaztandegiarentzat izan da. Hurrenak oholtza zapaltzen Oteiza Goikoakoek lortu dute. Sukaldarientzat ere izan dute saria, ardi haragia prestatzen aritu direnentzat. Sukaldarien saria Kattagorri Elkartearentzat izan da.
38. Gazta Lehiaketari dagokionean, lehen 10 sailkatuek Euskadiko Gazta Lehiaketarako txartela eskuratu dute gaurkoan. Ondorengoa izan da sailkapena:
- Otatza Gaztandegia (Saria: Garaikurra+ 550€)
- Mausitxa (Saria: Garaikurra + 400€)
- Azurmendiko Gazta (Saria: Garaikurra + 300€)
- Gaztañaditxuloko Gazta (Saria: 200€)
- Ondarretik ekarritako gazta (Saria: 125€)
- Gesaltza Gaztandegia (Saria: 100€)
- Beñat Egaña
- Francisco Javier Muñoa
- Garoa
- Agerreburu
Gaztetxoen epai mahaiak aukeratutako irabazlea: Otatza Gaztandegia
Herritarrek aukeratutako onena: Baztarrika Baserriko Gazta