Jon Plazaola eta Aritz Kortabarria, ETBren telesail berrian lanean
Plazaolak surf eskola bat du eta Kortabarria bere ikasle kuttuna da. Telesailak zortzi atal ditu eta datorren urtean emango dute ETB1en
EITB euskarazko fikzio berri bat ari da prestatzen eta protagonista nagusietako bat Jon Plazaola aktore urretxuarra izango da. Aritz Kortabarria aktore zumarragarrak ere lan egingo du. Joan zen astean hasi ziren grabatzen.
Telesaila surf eskola batean girotuta, Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza dira aktore nagusiak. Ebak (Mazo) 17 urte ditu eta Mexikon bizi da. Ama hildakoan, baina, Euskal Herriko kostaldeko herri batera joan beharko da bizitzera, ezagutzen ez duen Mikel (Plazaola) aitarekin. Surf txapeldun ohia da Mikel, eta egun surf eskola bat dauka. Elkarren artean ezberdinak izan arren, bata bestearekin moldatzen ikasi beharko dute. Kortabarria, berriz, Urko izeneko surflaria da: Mikelen (Plazaolaren) seme pontekoa.
K2000 (The Mediapro Studio) ekoiztetxeak sortu du fikzio berria, eta Antonio Diaz Huerta da zuzendaria. Besteak beste, Estoy Vivo (RTVE), Noche de chicas (Disney+) eta El Internado (Antena 3) telesailak eta Gallo dokumentala zuzendu ditu aurretik. Lan berriak zortzi atal izango ditu, eta 2023an estreinatuko da.
Plazaola eta Kortabarria oso gustura ageri dira. «Ostegunean hasi genuen grabaketa. Oraindik hasi besterik ez gara egin, baina oso gustura gaude. Oso proiektu polita da. Sekulako poza hartu dut, lehenengoz parte hartuko baitut ETBren fikziozko lan batean», aipatu du Plazaolak.
Urretxuko aktoreak ETBren babesa sentitu dutela dio. «Lanean hasi berritan, promozio lana hasi dute. Horrek lasaitasuna eta babesa eman digu, ETBk telesail honen aldeko apustu irmoa egin duela esan nahi baitu».
Kortabarriarekin, gustura
Gainera, herrikide batekin lan egiteko aukera du. «Ez nuen Aritz ezagutzen. Bere familia bai, ordea: Eitzako Korta taberna zeramaten garaitik. Ilusio handia egin zidan Aritzek Urko pertsonaia egingo zuela jakin nuenean. Izan ere, nire pertsonaiak eta bereak oso harreman berezia dute. Mikelek surf eskola bat du eta Urko bere ikasle kuttuna da. Urkok dohain handiak ditu surferako. Eszena asko grabatuko ditugu elkarrekin eta dagoeneko elkarrekin lan egin dugu. Oso feeling ona dugu. Ilusio handia egiten dit bere ibilbidea hasi berri duen herriko aktore gazte batekin lan egiteak. Gainera, Urkoren pertsonaiak zeresan handia izango du».
Plazaola antzerkian ere lan egiten ari da. «Igandean Aitziber Garmendiak eta biok Loosers antzezlanaren azken emanaldia egin genuen. Lau egun egon gara Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Izugarria izan da. Espero baino askoz ere hunkigarriagoa izan da. Lau egunetan aretoa bete egin da, euskaraz egindako antzezlan batekin. Urretxutik eta Zumarragatik ere jende asko joan da. Donostia Kulturakoek zoriondu egin gaituzte», aipatu du.
Azaroan, Lazkaon
Datorren astetik aurrera Un Oscar para Oscar lana antzeztuko du. Oviedon eta Valladoliden egingo dituzte lehen saioak. Gainera, Irabazi bakarrizketarekin jarraituko du. Azaroan Lazkaora joango da.
Horretaz gain, Fermin Muguruzaren Black is beltza II: Ainhoa lanean parte hartu du. Pelikula hori Zinemaldian estreinatuko da. «Ferminek deitu zidan eta gogo handiz parte hartu dut, Fermin estimu handian baitut. Jabier Salutregi Egin egunkariko zuzendariaren rola bete dut».
Kortabarria ere gustura ageri da. Bere bigarren lana du aktore bezala, lehenengoa Euskal Herrian. «TVEren Servir y proteger telesailean lan egin dut eta orain, lehenengoz, Euskal Herrian lan egin behar dut. Oso pozik nago».
Plazaolarekin lan egiteak ilusioa egiten dio. «Berarekin lan egitea ohorea da», aipatu du.













