Mitologia eta alpinismoa batera
'Aketegiko Mari, alpinismoa eta mitologia uztartzen' izeneko ikus-entzunezkoa egin du Koke Lasa alpinistak (Ormaiztegi, 1959). Dozena bat mendizalek parte hartu dute.

Koke Lasa eta Maite Loidi Aizkorrin.
Mitologiak eta alpinismoak bat egin dute Koke Lasa alpinistak sortutako azken ikus-entzunezkoan. Aketegiko Mari, alpinismoa eta mitologia uztartzen izena du lanak. Mariren eta gazte batzuren arteko kontakizun baten bidez, inguruko hainbat mendi, haitzulo eta kanalen irudiak bildu ditu.
«Aspalditik mugitu gara Aizkorrin, neguan batez ere, bertako kanal eta korredoreak igotzen. Bagenekien Mariren haitzuloetako bat hor zegoela eta bururatu zitzaidan lotura bat egin zitekeela kontakizun bat asmatuz», azaldu du Lasak. Dozena bat mendizalek parte hartu dute ikus-entzunezkoan. Irudiak Lasak berak atera ditu, edizioa ere berak egin du, eta gidoian bidelagun izan ditu Alex Areizaga eta Maite Loidi.
Mendizale gazte batzuk Aizkorrira joaten dira, eta Aketegi inguruan laino zuri bat ikusten dute. Adineko mendizale batek esaten die kea dela eta Aketegiko haitzulotik ateratzen dela. Marik labea piztuta daukala eta ogia egiten ariko dela. Kontakizun horretatik abiatuta, Mari aurkitzeko ahaleginean, leku ezberdinetara joango dira. «Hor sortzen da alpinismoa. Mariren beste haitzuloak ere bisitatuko dituzte: Aloña, Anboto, Murumendi…».
Bilaketa hori da narrazioaren haria, eta horren bidez inguruko mendietako irudiak agertzen dira. Irudi batzuk zaharragoak dira, eta beste batzuk esprezuki atera ditu lan honetarako. «Pandemia garaia aprobetxatu nuen egunsentiak eta ilunabarrak grabatzeko». Aukera izanez gero, herriz herri aurkeztuko dute datozen hilabeteetan.
Espedizioa urrian
Mendian aktiboa izaten segitzen du Lasak. Bertan ala kanpoan, inguruko tontorrak zein mendi garaiak igo ditu eta naturari lotuta egon da beti. Azken boladan bertako mendietan ibili da batik bat. Urrian, ordea, Nepalera espedizioa egingo du beste hainbat mendizalerekin, Himlung Himal (7.126m) mendira.












