Baserriaren distira berriz kalean
Azoka bere onera itzuli da. Apartekoa eta jendetsua izan da, bi urteren buruan, berriro ere. Ahaztu dira birusak, eta nekazaritzak berezkoak dituen gaitzek eta balioek hartu dute atzera plaza.
Baserritarrek gutxi saldu dutela, jendea ikusmirara gehiago joaten dela halakoetan erosketak egitera baino, Aralarko ganaduzaleak mespretxatuta sentitzen direla, pentsuaren prezioak gora, erregaien presioak behera… Betiko kontuak, birusarenik gabe, zorionez —esan beharko—. Bizitza lehengora itzuli den seinale izan da Ordizian Euskal Jaietako atzoko aparteko azoka. Koronabirusak murriztutako bi urteak atzean utzita, berriz daukan onena erakutsi du baserriak.
Zubi luzearen ondoren, eta eskoletan ikasturte ofiziala hasteko bezperan, udari azken musua emateko baliatu dute goierritar askok iraileko feria berezia. Zeru lainotuaren pean, lehen orduan giro atsegina zegoen. Eguzkia nagusitu eta erregarri jotzera iritsi denerako animatu dira kaleak eta plazak. Jendearen emana, aspaldiko partez.
Atzokoan, bi urte herrenen ondoren, baziren feria bitxiagoaren bereizgarriak: ganadu azoka eta lehiaketa, euskal oiloak, gaztaren presentzia nonahi, eta barazki, fruitu eta perretxiko eskaintza miragarria, bai ohikoa Plaza Nagusian, bai gehigarria Barandiaran plazan.
Iturriotz zapataria
Garagartza plazak behinolako funtzioa berreskuratu du. Bi urtean egin gabe egon ondoren, Gipuzkoako 23. Pirenaika Lehiaketa jokatu da berriz. Sei ganaduzalek eraman dituzte abelburuak, 43 guztira. Ia-ia bat gutxiago, batek ihes egin nahi izan baitzuen goizean goiz. Erakusketan beste lau idisko ere jarri dituzte. Idiazabalgo Urbizuberriko Prudencio Urkia eta Zaldibiako Izarreko Garikoitz Nazabal ziren goierritarrak; Oñatiko Dolaetxe, Azpeitiko Iñaki Alkorta, Arrasateko Aitor Arana eta Aretxabaletako Julia Jorge besteak.
Aparteko azokak bereganatzen ditu, baina, bestelako osagaiak ere franko: kale ertzetan han-hemenka mota guztietako saltzaileak, kinkileroak, artisauak, txorizo, gazta eta eltzekari mahaikadak, gozoak eta euskal pastelak, musikariak…
Eta zapataria, mailuarekin kaxka-kaxka larruzko zapata josten, Garagartza plaza bazterrean. Xabier Iturriotz Zapa legorretarrak ez du galdu Goierrira bisita egiteko aukera, bizileku duen Eraso herritik (Imotz, Nafarroa). Han dauka zapatari tailerra, eta larruzko oinetakoak, zandaliak eta zapatak egiten ditu. Salgai zeuzkan atzo. Parean, begirik kendu gabe, Errumaniako jatorriko zapatari bat. «Gaur egun makinarekin josten ditut normalean, lehen-lehenago eskuz. Ni hemen inguruko herri batekoa naiz, aspaldi honetan nafartuta bagaude ere», esplikatzen zion entzun nahi zionari. Aitaren ogibideari segimena eman dio Iturriotzek.
Azken urtaroari begira
Udazkena Ordiziako azoka bereziaren egunean hasten dela dio esaera zaharrak. Urdaigileak eta hestebetegileak, horren lekuko. Goierriko lehenbiziko odolki, mondeju zuri eta mondeju beltzak erosteko modua ere izan du, atzo Ordiziara joan zenak. Bezperan egin zuten eskualdeko lehiaketa, Larrun Arri elkarteak antolatuta. Zaldibiako Beheko Karnizeriko Pili Sukiak jaso du odolkigile onenaren ohorea.
Plaza Nagusian, postuak ondo hornituta eta inoizko ederren zeuden arren, oztopo handirik ez zen mahai ertzetara iristeko. Ikusle gehiago zebilen Barandiaran plazan, astero izaten ez diren kanpoko baserritarren postuen inguruan, eta, batez ere, oiloak, perretxikoak eta sarituen izenak ikuskatzen. Perretxikotan, bi etxek soilik ekarri dituzte. Baina erakusteko lain bakarrik —mota mordoa, hori bai—, dagoen lehorte kezkagarriaren ondorioz basoak ere antzu dabiltzalako.
Euskal Oiloaren 39. Erakusketan, apain eta didaktiko zeuzkan jarrita Euskal Oilozaleen Elkarteak bertako oilo motaren ordezkari parea: gorria, zilarra, lepasoila, marraduna eta beltza.
Sariei dagokienez, Zaldibiako oilo hazleek berealdiko artea dutela erakutsi dute. Zazpi sari banatu baldin badituzte, sei zaldibiarrek lortu dituzte.
Betiko txokoan, Goiztiri AEK-k ere bertako produktuekin osatutako bi sortakada zozkatu ditu, eta Amets-Bidek photo-calla jarri du. Bien bitartean, esatari eta aurkezle lanean, beste behin, Arantxa Artza itsasondoarra aritu da. Barrena ondoan, pantaila handitik jarraitu ahal izan da feriaren joana, zuzeneko irudi eta kontakizunekin. Berezitik harago, «feria asteazkenero da Ordizian, ez ahaztu», gogoratu du esatariak. Jaiaren euskal nortasunak eta baserriaren aitortzak ere, hala behar.