Emakumezkoen Ordizia Klasikoarekin agurtuko dituzte Euskal Jaiak etzi
Aurrenekoz jokatuko da emakumezkoen txirrindularitza proba. Eresia antzerkia, Huntzaren kontzertua eta sagardo eguna izango dira asteburuan, besteak beste

Ordiziako Euskal Jaien ekuadorra gaindituta eta bigarren asteburuan sartzear, honek ekarriko duen egitaraua ere oparoa izango da. Berrikuntza garrantzitsu bat izango da gainera. Duela ia bi aste, Euskal Jaien aurkezpenean iragarri zuten moduan, Emakumezkoen Ordizia Klasikoa txirrindularitza proba jokatuko da, aurrenekoz. Igandean, hilak 11, izango da, 16:00etatik aurrera. Lasterketaren inguruko xehetasunak emateko bildu ziren atzo, probaren antolatzaileak diren Txapel Gorri elkarteko Patxi Garmendia, eta Ordiziako Udaleko ordezkariak, Adur Ezenarro alkatea eta Maitane Alvarez alkateordea.
«Pozik egoteko eguna» dela nabarmendu zuen Garmendiak, izan ere, «txirrindularitza pasioz bizi dugu Ordizian, urtean zehar proba garrantzitsuak jokatzen dira bertan, Ordizia Klasikoa eta Marino Lejarretaren omenezkoa, besteak beste, baina bazegoen bete beharreko hutsune bat, izan ere, emakumezkoen txirrindularitza probarik ez da jokatu, orain arte». Igandean jokatuko den aurreneko emakumezkoen Ordizia Klasikoa lasterketa, «urrats handi bat da beraz». Onartu zuen, «hasierak ez dira errazak izaten», data bat jartzeko ere «zailtasunak» izan dituztela, baina mugarria jarrita, «ziur gaude historia luze baten lehen kapitulua izango dela».
Ordiziako alkatea ere «pozik» agertu da emakumezkoen txirrindularitzari babesa ematera datorren proba hau Ordizian jokatuko delako, oso gutxi baitira emakumezkoei bakarrik zuzendutako horrelako lasterketak. Pozik ere, efemeride garrantzitsu batekin bat egiten duelako , 100 urte bete baitira aurten aurreneko Ordiziako Klasikoa jokatu zela. Ibilbidea, «tradizionala» eta «polita» izango da Garmendiaren hitzetan. Ordiziako herrigunetik abiatuta, 63 kilometro osatuko dituzte, Alegia, Amezketa, Abaltzisketa eta Zaldibia igaroz, eta Ordizian amaituz.
Oraingoz 40 emakumek izena eman dute, baina larunbata bitartean eman daiteke izena Federazioaren webgunean.
Dolua gogoetagai
Hiru egun geratzen dira aurretik, eta gustu guztietarako ekitaldiak tartean. Gaur, puzgarriak egongo dira haurrentzako, Plaza Nagusian. Horrez gain, oso gai interesgarri baten inguruan hausnarketa egiteko antzezlana izango da; Eresia. Lurra arin bekizu, ama du izenburua eta heriotzak ekartzen dituen dolu eta minaren ingurukoa da. Honakoa, Udalbiltzaren Geuretik sortuak egitasmoaren barruan Oier Zuñigak ondutako lan bat da.
Obraren izenburuak dioen moduan, ama hiltzen da antzezlanean, eta musikaz eta dantzaz baliatzen da heriotzaren inguruko gogoeta egiteko. Bestalde, zenbait galdera ere planteatzen ditu. Esaterako, maite dugun norbait hiltzen denean, zer egin dezakegun, edo nola agur dezakegun. Ordiziako Herri Antzokian izango da hitzordua, gaur, 19:30ean.
Nahi adina sagardo
Sagardo eguna izango da bihar, larunbata. Bertan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko hemezortzi sagardotegi izango dira Zuhaiztian, Euskal Jaien egitarauaren barruan, baita bertako produktuekin egindako pintxo goxoak ere. Ondorengo sagardo ekoizleek parte hartuko dute: Aburuza, Akarregi, Alorrenea, Astiazaran, Barkaiztegi, Ekain, Itxasburu, Lizeaga, Oiharte, Olagi, Ordo Zelai, Petritegi, Satxota, Tximista, Urbitarte, Urdaira, Zabala eta Zelaia. Huntza taldearen kontzertua ere izango da egun berean.