Euskal udalerri eta eskualdeen garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa berretsi dute Udalsarearen 20. urteurren ekitaldian
Datozen lau urteetako ekintza-plan berria ere aurkeztu dute Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan den ekitaldian. Goierriko udalerrietako hainbat udal ordezkarik ere parte hartu dute; bertan izan dira Legazpiko alkate Koldobike Olabide, Ordiziako alkate Adur Ezenarro, Zumarragako alkate Mikel Serrano eta Beasaingo alkate Leire Artola.
Hogei urte bete ditu Udalsarea 2030 – Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak, eta ekitaldi berezi batekin ospatu dute. Urte hauetako lanen artean daude, tokiko ekintza jasangarria eta Tokiko 2030 Agenda bultzatzea Euskadin. Donostian egindako ospakizun-ekitaldian, euskal udalerri eta eskualdeen garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa berretsi dute, eta datozen lau urteetako ekintza-plan berria ere aurkeztu dute. Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan duen ekitaldian izan dira baita ere, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua; Gotzone Sagardui, Osasun sailburua; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ingurumen-sailetako foru diputatuak Josean Galea, Amaia Antxustegi eta Jose Inazio Asensio; Koldobike Olabide, Legazpiko alkatea eta Eudel-eko Batzorde Exekutiboko ordezkaria dena; eta Udalsarea 2030 osatzen duten udalerrietako berrehun ordezkari inguru., tartean, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Mikel Serrano Zumarragako alkatea, eta Leire Artola Beasaingo alkatea.
Bere hitzaldian, Urkullu lehendakariak nabarmendu du Udalsareak “berebiziko garrantzia” duela erronka klimatikoari aurre egiteko, “udalek, mankomunitateek eta udalaz gaindiko erakundeek funtsezko zeregina betetzen dute; tokiko eta eskualdeko erakundeek klima-aldaketa arintzeko neurrien % 70 eta klima-aldaketara egokitzeko politiken % 90 gauzatzen dituzte. Pertsonekin zuzenean lan egiten dugu, eta herritarrek iraunkortasunerantz duten jarrera-aldaketa sustatzeko aukera dugu”. Hori horrela, aurrera egiten jarraitzea “beharrezkoa” dela esan du Urkulluk, “eragile eta herritar guztiak inplikatzeko gizarte kohesionatuago, erresilienteago, jasangarriago eta bidezkoago baterako trantsizioan”. Bide horretan, “norberak bere harri-koskorra jarri behar du, ez dagoelako B planik, plan bakarra da guztiok gure egunerokotasunean laguntzea”, adierazi du.
Bi hamarkada hauetan Udalsareak izandako lorpen nagusien berri eman da. Azpimarratu dute “240 euskal udalerrik jadanik dituztela ekintza-planak tokiko jasangarritasunaren, klimaren eta energiaren alorretan, euskal biztanleriaren % 98renganaino iritsiz”.
Gainera, nabarmendu dute, azken 15 urteetan 66 milioi euro bideratu direla iraunkortasunaren aldeko tokiko ekintzarako, funts autonomikoetatik etorri direnak. Kopuruok aletu dituzte, eta zehazki, bost milioi euro bideratu dira Eskola Agendara, 25 milioi atmosferaren kalitatera, 20 milioi biodibertsitatera, 14 milioi lurzoru kutsatuetara eta 2 milioi euro, ekonomia zirkularrera.
Arantxa Tapiak sailburuak, bere departamentuak, Energiaren Euskal Erakundearekin eta Ihobe sozietate publikoarekin batera abiatu duen sostengu eta laguntza programan jarri du indarra. Programa horren helburu nagusiak dira, “tokiko administrazioari gertutik eta etengabe aholku eskaintzea, administrazio horiek gauzatu beharko duten trantsizio energetiko azeleratuaren prozesuan, baita abiatu dezaketen klima-ekintzan ere”. Une honetan, hiru dira aholkularitza pertsonalizatu hori jasotzen ari diren udalak: Leioa, Laudio eta Tolosa.
Bestalde, Legazpiko alkate Koldobike Olabidek adierazi du, “klima-aldaketa arintzea eta horretara egokitzea ez da etorkizuneko erronka, orainaldikoa baizik”. Gehiago ere esan du; “helburu globalak ez daude soilik estatuen erabakien menpe, pertsonengandik hurbilen dauden gobernuen jardueraren menpe ere badaude”, eta gaineratu du “planetaren osasuna herri eta hirietan dago, eta tokiko eragile publiko eta pribatu guztien parte-hartzea eskatzen du, bereziki herritarren parte-hartzea”.
Udalsarea 2030
Udalsarea 2030 sareak berrogeita hamar udalerri inguru ditu Tokiko Agenda 2030ean lanean, Klima eta Energiaren aldeko Alkatetzen Nazioarteko Itunari atxikitako 25 euskal udalerri ditu, 55 udalerrik klima eta energia jorratzen dituzten planak landu dituzte edo lantzen ari dira, eta beste 38 udalerrik urtero kalkulatzen dute berotegi-efektuko gasen eta karbono-aztarnaren isurien inbentarioa 2016az geroztik.
Hemendik 2025era bitarteko prozesu estrategiko parte-hartzailea egin ondoren, Udalsarea 2030 sareak “beharrezko erreferentzia izan nahi du euskal udalerri eta erakundeentzat, zerbitzu aurreratu eta berritzaileei esker, eta Garapen Iraunkorreko Helburuei egindako ekarpenagatik, batez ere neutraltasun eta erresilientzia klimatikoaren, lurzoruaren babesaren eta ekonomia zirkularraren esparruan”.
Udalsarea 2002ko abenduan sortu zen 16 udalerrirekin, euskal administrazio publikoen arteko koordinazio-foro gisa, udal mailan iraunkortasuna sustatzeko. Hogei urte hauetan, sareak 60 topaketa egin ditu. Gainera, 35 lantalde koordinatu ditu.
2005az geroztik, sareak tokiko jasangarritasun-planen ebaluazio- eta jarraipen-eredu bat sustatzearen aldeko apustua egin du, kontuak ematera bideratua, eta “erreferentziazko eredu” bihurtu da, tokiko politiken ebaluazio- eta jarraipen-programen 10 edizio baino gehiagorekin.
Haro berria, 2025era arte iraungo duena
Udalsarea 2030ek, 2025 urtera arteko helburuak eta bide orria izango dena elkarbanatu du. Gaur aurkeztu duten akordio berriak, Garapen Jasangarriaren Helburuak tokiko ekintzaren esperientzia praktikotan Euskadin zehaztearen alde egiten du, zeregin hori koordinatzeaz batera; maila anitzeko gobernantza eta erakundeen arteko lankidetza eskaintzen ditu; eta Udalsarea 2030 izaera teknikoko plataforma eta lan-foro bihurtzen du.
Aldi berean, lehendakariaren rola ere nabarmentzen du, akordioaren eragile bultzatzaile gisa, eta azpimarratzen da, halaber, udalerriak protagonistak direla eta toki-erakundeak (mankomunitateak, kuadrillak, garapen ekonomikoko agentziak…) eskubide osoko kide izatera pasatzen direla, sarearen protagonistak izateaz batera.
Sareko kide diren erakunde guztiek -udalerriek, eskualde erakundeek eta udalaz gaindiko erakundeek-, NBEren 2030 Agendaren Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzen laguntzeko konpromisoa hartzen dute, horien alde modu aktiboan jardunez, euren politika eta kudeaketa egokitzearen eta eraldatzearen bitartez.
Horrez gain, sare horrek ekimenak abiatzeko eta herritarrengana azkar iristeko duen ahalmena kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzaren garapen ekonomiko bidezko eta jasangarriaren aldeko eredua proiektatuko du, bai tokiko mailan eta bai Euskadiko Itun Berdearen sareko kideen artean.