Herriaren garapena nondik nora joango den zehazteko plana onartu da
2004. urtean hasi zuen udalak Idiazabalgo Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra egiteko prozesua. Udan onartu da behin betiko.
Hainbat urteren ondoren, udan onartu da behin betiko Idiazabalgo udalerriko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra. Planak datozen urteetan herriak izango duen garapena zehaztuko du, zer, non eta zertarako eraikiko den ordenatzen baitu. Idiazabalgo udalerrian orain arte Hirigintza Planeamendurako Arau Subsidiarioak egon dira indarrean, 1987ko maiatzaren 12an diputatuen kontseiluak behin betiko onartu zuenetik.
2005era arte 18 aldaketa izan zituzten Arau Subsidiarioek. Horren aurrean, Hirigintza Planeamendurako Arau Subsidiarioak berritzeko prozedura hasi zuen udalak. 2004an aurkeztu zuen jendaurrean urbanismo-txosten orokorra, eta inkestak ere egin zituen. Aldeko iritzia eman zuen gehiengoak. 2005ean oinarriak onartu zituen udalak, eta 2006an oinarri horien arabera idatzitako dokumentuaren aurrerakina. Herritarren aurrean jarri eta zegokien aldaketak egin zituen.
2014ko maiatzaren 29an hasierako onarpena eman zion udalak Hirigintza Antolamendurako prestatutako dokumentuari, eta ekainaren 9an argitaratu zen. 19 alegazio jaso zituen dokumentuak. Alegazioei erantzuteko dokumentua hirigintza batzordean eztabaidatu eta batzordeak erabaki zuen partzialki onartu eta beste zenbait aldaketa egitea.
Aldaketa horiekin bigarren hasierako onarpena 2016an egin zuen udalak, eta hartan 16 alegazio jaso zituzten. Udalak azaldu duenez, “garrantzi handieneko gaia izan zen landa lurreko segregazioen gutxieneko azalerarena”. 2020ko azaroaren 26ko osoko bilkuran plana behin-behinean onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari igorri zion txostena egin zezan. Ondoren Aldundiak txostena idatzi zuen behin-behineko dokumentu horri buruz. Bi txostenetan aldaketak egin, Behin Betiko Onarpeneko Dokumentua idatzi, udalak onartu eta Aldundira bidali zen. Aldundiari dagokio behin betiko onarpena ematea 7.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan. Uztailaren 6an onartu zuen Aldundiak behin betiko eta abuztuaren 10ean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Herriaren garapena ordenatzen duen planak “erabaki estrategikoak” behar dituela azaldu du udalak ohar baten bidez, eta udalaren eta herritarren erabakiez gain, “bestelako baldintzak eta legedia orokorragoak” ere kontuan hartu behar izaten direla. Gehitu du planaren helburua “egungo eredu urbanoa mantenduz, jarraipenik gabeko konurbazioak eta zentzurik gabeko lurzoruaren okupazioak saihestea” dela eta “dagokien garrantzia” eman nahi diela “elementu naturalei, azpiegitura zein ekipamendu kolektiboei hiri-bilbearen barruan”.
Etxebizitzak
Etorkizuneko bizitegi-garapenerako hutsuneak betetzeaz gain Goatse eta Zepaitik hegoaldera dagoen hiri-sareari jarraipena ematea eta Etxezaharreko sektore berria garatzea proposatzen da planean. Ordenatutako etxebizitza guztien %20 jarri da etxebizitza guztien eta etxebizitza bakarreko tipologiako etxebizitzen arteko proportzio muga. Funtzio publikoa bermatzeko, eraikitzen diren etxebizitzen %10 babes izaerakoak izan behar dutela erabaki da.
6,66 Ha lurzoru izendatu dituzte planean 8 urteko epean etxebizitza berriak eraikitzeko, eta 296 etxebizitza proposatu dituzte; 138 babestu eta 158 libre. 250 eta 341 etxebizitza artekoa da udalerrian egin daitekeen eskaintza Goierriko Lurraldearen Zatiko Planaren arabera. Tipologiari dagokionez, etxebizitza bloketan antolatuko dira 237 etxebizitza, eta familia bakarreko edo bi bizitzakotan 59.
Ekonomia jarduerak
54,28 Ha izendatzen dituzte ekonomia jarduerarako: industria erabilerarako 50,44 eta hirugarren sektorerako 3,84. Garrantzia berezia eman diote ekonomia jarduerak ezartzeko lurzoruari, “izaera industriala herriko ongizatearen euskarria” delako udalaren hitzetan.
Gune berdeak eta irekiak
Txomenane parkearen ondoan eremu berri bat izendatu dute espazio berde eta gune irekien sistema orokorrean txertatzeko. Garapen berriko eremuetan sortzen diren errepide berriak kontuan hartu gabe, aurretik dagoen bide-sarea egonkortzen du planak, eta etorkizuneko bide-gorri sarearen aurreneko zirriborroak marraztu.
Lurzoru ez-urbanizagarria eta babestu beharreko ondarea
Plan orokorrean onartutako hirigintza-antolamenduak 2.853,84 Ha bideratzen ditu lurzoru ez-urbanizagarrira, udalerriaren azaleraren %96 baino gehiago. Horren zati bat, 7,49 Ha, Espazio Libreen Sistema Orokorrari, Ekipamendu Komunitarioari eta Zerbitzu Azpiegiturei dagokie.
Baserriei dagokienez, azken hamarkadetan erabilera aldatu dela ondorioztatu dute eta gehienetan etxebizitzarako erabiltzen dela. Planak egoki jotzen du eraikin horietan etxebizitza gehiago egokitzeko aukera ematea, ondare artistiko eta kulturalaren parte direla kontuan izanda.