Osinalde bertso sariketaren 50. urteurreneko festan 44 bertsolarik parte hartuko dute
Irailaren 17an, larunbatarekin ospatuko dute mende erdiko ibilbidea gogoratzeko eguna. Ekitaldia, bazkaria eta formatu desberdinetako bertso saioak izango dira. Osinalden irabazle suertatutako bertsolariak gonbidatu dituzte
Gabiria 44 bertsolariren topagune bihurtuko da irailaren 17an. Osinalde bertso sariketak iaz bete zituen 50 urte (1971n izan zuen lehenbiziko saioa, Patxi Iraola zaldibiarrak irabazia), baina pandemiak atzerarazi zuen ospakizuna. Zapatu honetan ospatuko dute. Osinalden inoiz irabazle izandako bertsolariak gonbidatu dituzte, eta 44 lagun elkartzeko aurreikuspena dute –azken orduko ezeztapenik ez bada–.
Egitaraua hasteko, lehenengo ekitaldi bat egingo dute, 11:00etan elizako saloian. Sariketaren ibilbidea oroituko dute, hitzez, irudiz eta, jakina, bertsoz. Ondoren, festara batu diren guztiek taldeko argazkia aterako dute. 12:30ean, bertso poteoa egingo dute herriko ostatuan eta bi elkarteetan. 14:30ean, herri bazkaria; eta 17:00etan, atzera bertso saioa.
Hainbeste bertsolari elkartuta ere, denek izango dute kantatzeko aukera. Egunean zeharreko ekitaldien ardatza bertsoa izango denez, formatu batean ala bestean, parte hartuko dute denek. “Poteoko saioak antolatuak izango dira, ez informala. Lehenik, Osinalden bertan hamaiketako txiki bat egingo dugu denontzat, eta lehenengo saiotxoa hor egingo dugu. Ondoren, Ostatuan eta Erbie elkartean. Bertsolari asko datoz, eta gune bakoitzerako sei bat izendatuko ditugu”, aurreratu du Osinalde sariketaren antolakuntzako Jokin Muruak.
Eguerdian bazkaria herriko plazan izango da, eguraldiak laguntzen badu. Bestela, frontoian. Izena emateko azken eguna irailaren 13a da (650 14 18 13 telefonoan; 25 euro). Bazkal ondoren, arratsaldeko saioarekin izango dute berriro bertsoekin gozatzeko aukera. Pare bat orduko saio “berezia” antolatu dute. “Arratsaldeko saioan 22-24 bat bertsolarik kantatuko dute. Bertso jarriak ere eskatu dizkiegu batzuei”. Bazkaritako lekuan bertan izango da saio hori, oholtzan.
Parte hartuko duten bertsolariak:
Xabier Zeberio, Joxe Izagirre Attola, Mikel Mendizabal, Jose Luis Mugartza Elgetzu, Jabier Arrizabalaga Ziarda, Millan Telleria, Xalbador Laka, Jon Sarasua, Xabier Euzkitze, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe, Joxe Mari Izeta, Xabier Narbarte, Joxe Ramon Elortza, Joxe Munduate, Bernardo Azpillaga, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi, Pablo Suberbiola, Bixente Gorostidi, Xabier Sukia, Nahikari Gabilondo, Arkaitz Goikoetxea, Nerea Elustondo, Ainhoa Agirreazaldegi, Iker Zubeldia, Iñaki Apalategi, Aritz Aranburu, Iban Urdangarin, Aitzol Barandiaran, Uxue Alberdi, Maddalen Artzallus, Mikel Artola, Ane Labaka, Amaia Iturriotz, Nerea Ibartzabal, Aitor Irastortza, Eñaut Martikorena, Haritz Mujika, Unai Mendizabal, Txaber Altube, Joanes Illarregi, Gorka Pagonabarraga eta Ane Zuazubiskar.
Osinalde bertso sariaren irabazleak (1971 – 2022)
IRABAZLEEN ZERRENDA
- 1971, Patxi Iraola (Zaldibia).
- 1973, Luis Otamendi (Aia).
- 1974, Xabier Zeberio (Itsasondo).
- 1975, Joxe Izagirre Attola (Azkoitia).
- 1976, Mikel Mendizabal (Itsasondo).
- 1977, Juan Inazio Begiristain (Ataun).
- 1978, Jose Luis Mugartza Elgetzu (Mallabia).
- 1979, Xabier Arrizabalaga Ziarda (Elgoibar).
- 1980, Millan Telleria (Albiztur).
- 1981, Xalbador Laka (Ondarroa).
- 1982, Jon Sarasua (Aretxabaleta).
- 1983, Xabier Perez Euzkitze (Azpeitia).
- 1984, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II.a (Errezil).
- 1985, Pablo Joxe Aristorena (Hernani).
- 1986, Joxe Mari Izeta (Usurbil).
- 1987, Xabier Narbarte (Lazkao).
- 1988, Joxe Ramon Elortza (Ormaiztegi).
- 1989, Joxe Munduate (Ataun).
- 1990, Bernardo Azpillaga (Errezil).
- 1991, Igor Elortza (Durango).
- 1992, Maialen Lujanbio (Hernani).
- 1993, Aitor Sarriegi (Beasain).
- 1994, Pablo Suberbiola (Lasarte).
- 1995, Bixente Gorostidi (Amezketa).
- *1996, 25. urteurreneko saioa (lehiaketarik ez).
- 1997, Xabier Sukia (Orio).
- 1998, Nahikari Gabilondo (Zarautz).
- 1999, Arkaitz Goikoetxea (Oiartzun).
- 2000, Nerea Elustondo (Legazpi).
- 2001, Ainhoa Agirreazaldegi (Bergara).
- 2002, Iker Zubeldia (Zegama).
- 2003, Iñaki Apalategi (Beasain).
- 2004, Oihana Bartra (Bilbo).
- 2005, Aritz Aranburu (Zarautz).
- 2006, Iban Urdangarin (Ataun).
- 2007, Aitzol Barandiaran (Ataun).
- 2008, Uxue Alberdi (Elgoibar).
- 2009, Maddalen Artzallus (Hendaia).
- 2010, Mikel Artola (Alegia).
- 2011, Ane Labaka (Lasarte).
- 2012, Amaia Iturriotz (Urretxu).
- 2013, Nerea Ibartzabal (Makina-Xemein).
- 2014, Aitor Irastortza (Zaldibia).
- 2015, Eñaut Martikorena (Hernani).
- 2016, Haritz Mujika (Asteasu).
- 2017, Unai Mendizabal (Zizurkil).
- 2018, Txaber Altube (Abadiño).
- 2019, Joanes Illarregi (Leitza).
- 2021, Gorka Pagonabarraga (Durango).
- 2022, Ane Zuazubiskar (Arrasate).
*1972an ez zen antolatu, 1996an mende laurdena ospatzeko saio berezia egin zen (ez lehiaketa) ordura arteko partaide batzuekin, eta 2020an COVID-19aren pandemiagatik ez zen jokatu.