Unibertsitatea Zerainen, egun batez, ostiralean
Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroen barruan, belaunaldien arteko harreman motak eta horri lotuta ondarean eta ezagutzan gertatu diren aldaketak aztertuko dira elizan. www.uik.eus webgunean eman daiteke izena.
Ostiralean, irailaren 16an, unibertsitatea Zerainera eramango dute. Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroen barruan, hirugarren urtez, ikastaro bat antolatu dute Zerainen egun horretarako, Zerainlab elkarteak sustatuta eta Deustuko eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileek beste hainbat eragilerekin elkarlanean garatuta. Landa eremuko belaunaldien arteko harremana izango dute abiapuntu. Gaur aurkeztu dute egitaraua herriko plazan.
Miramar Jauregian egin ohi dira ikastaro guztiak, baina Zeraingoa salbuespena da. Urtero gai ezberdin bat jorratzen da. 2020an egin zuten lehen aldiz, eta urte hartan herri txikietako auzolanek kultura eta balioak izan zituzten hizpide. Iaz, berriz, landa eremuko bizitzaren eta balio komunitarioen inguruan hausnartu zen. Ostiralean, landa eremuko herri txikietako belaunaldien arteko harremanak eta memoriaren transmisioa izango dute mintzagai, Zeraingo elizan: ‘Herri txikiak aurrera begira: belaunaldien arteko harremana eta memoriaren transmisioa landa eremuan’.
Ion Muñoa Errasti Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikastaroaren zuzendariak azaldu duenez, “aurtengo gaia aurreko urteetan atea den kezka bati helduta” proposatu dute: “Herri txikietan belaunaldien harremanak badu ezaugarri bat, eta da oso lotuta dagoela herriaren memoriaren, identitatearen eta kulturaren transmisioarekin”. Horren harira, herri txikietan belaunaldi ezberdinetako pertsonen arteko harremanetarako dauden baldintzak,harreman motak eta tradizioari, ondareari eta ezagutzari lotutako zer nolako aldaketak gertatzen ari diren aztertuko dute.
Unibertsitatea herri txiki batera eramanez, urte eta mende luzez herri txikietan garatu den ezagutza eta jakituria mahaigaineratu eta etorkizuneko erronkei erantzuteko ezagutzaren zer behar dagoen azpimarratu nahi dute antolatzaileek. “Herri txikietako eragileen arteko topagune bat jartzen ahalegintzen gara, etorkizuneko erronka bat hizpide hartuta eta horren gaineko eztabaida eta hausnarketa sustatuta”, adierazi du Muñoak.
Ostiralean egingo dute, 9:00etatik 14:00etara. Aurrez aurreko saioak izango dira. Interesa dutenek www.uik.eus webgunean eman dezakete izena. Online jarraitzeko aukera ere egongo da. Bi bloketan banatu dute ikastaroa. Batetik, ikuspegi ezberdinetatik gai horren gaineko gogoeta proposatuko da, eta bestetik, diagnostikotik harago, eredugarriak izan daitezkeen esperientziak aurkeztuko dituzte. Hemen egun osoko egitaraua:
- 9:00-9:15. Ongi etorriko kafea eta erregistroa.
- 9:15-9:30. Ongi etorria eta ikastaroaren irekiera, Ion Muñoa Errasti Deustuko unibertsitateko irakasle eta ikastaroaren zuzendariaren eskutik.
- 9:30-10:15. ‘¿Cómo se transmiten hoy los valores y la identidad en nuestra sociedad? Una mirada a la transformación social de nuestro país’, Juan Luis Arriaga Ortega soziologo, Gaia Investigacion-en sortzaile eta EHUko irakaslearekin.
- 10:15-11:00. ‘Identitatearen transmisioaren giltzak’, Eneko Bidegain Aire Mondragon Unibertsitateko irakasle, euskal ikasketetan doktore, idazle, kazetari eta kulturgintzako eragilearekin.
- 11:00-11:45. ‘Memoriaren transmisioa eta identitatea. Proposamen bat: Vitagrama’. Gaizka Aranguren Urroz Labrit Multimediaren sortzaile eta zuzendariarekin.
- 11:45-12:15. Atsedena eta kafea.
- 12:15-13:30. Belaunaldien arteko topaketarako gune eta esperientzia inspiratzaileak.
- ‘Legazpi belaunaldi artekoa’. Maria Ruiz Amurriorekin, Mondragon Korporazioko Berrikuntza Zentroan Ikerketa eta Garapeneko Koordinatzailea.
- ‘Mespretxaturiko ondarea’. Aritz Ibañez Ranerorekin, Mendialdea Radio-ko arduradun eta landa eremuko ekintzaile eta sustatzailea.
- ‘Jentilen etorrera: herri baten arima’. Jon Aizpurua Barandiaranekin, kazetari, Ataungo Jentilen Etorreraren sortzaile eta Jentilbaratza kultur elkarteko kidea.
- 13:30-14:00. Aurrera begirakoei buruzko solasaldi irekia hizlari eta entzuleen artean.
- 14:00. Itxiera.
- 14:30. Bazkaria hizlari eta parte hartzaileentzat.