Txakurrak pozoitu izanaz ohartarazi dute Lazkaon
Ustez kalean norbaitek pozoia utzi eta txakurrek hura jan ondoren, bi animalia hil dira gutxienez Lazkaon. San Prudentzio inguruan gertatu dira pozoiketak. Katuak ere kaltetu direla esan dute

Lazkaoko kalean norbaitek pozoia utzi ondoren, horren ondorioz bi txakur hil direla salatu dute Lazkaon. Gertakariak lehengo astean izan ziren, San Prudentzio auzunean. Txakurrak kalean paseoan ibili ondoren, ordu gutxitara gaizki jarri, eta bi gutxienez hil egin dira.
Udalak afera horren harira ohar bat atera du. Txakur “batzuk” hil egin direla, eta beste batzuk albaitaritza kliniketan artatu behar izan dituela baieztatu du udalak. Txakurrez gain, katuak ere kaltetuak suertatu direla gehitu du.
“Tratu txarrak ematen dituztenekin eta animaliak pozoitzen dituztenekin tolerantzia zero izan behar da”, adierazi du Kepa Zubiarrain alkateak, ohar berean. Era berean, bai udalak eta bai Udaltzaingoak “alarmismoan” ez erortzeko dei egin dute.
Animaliari pozoiketa-sintomak antzemanez gero, albaitariarengana berehala eramateko, hartu duen substantziaren lagin bat jasotzen saiatzeko eta Udaltzaingoan edo Ertzaintzan salaketa idatziz aurkezteko aholkuak eman ditu udalak.

Informazio honekin zerikusirik ez duen txakur bat, animalientzako parke batean. /Ariane Vierbücher