Arerian hasi dira asteburuetako zinema emanaldiak
Aurreko asteburuan eman dute lehenbiziko filma. Iraileko gainerako hiru asteburuetako tituluak ere zehaztu dituzte. Sei film emango dituzte guztira. 'Ikuslearen eguna' izaten astelehenak jarraitzen du.
Lazkaoko Areria antzokiak aurreko asteburu honetan ekin dio asteroko zinema emanaldi komertzialen denboraldiari, udako etenaldiaren ondoren. Padre no hay más que uno 3 film espainiarra ikusi ahal izan da, lau egunez.
Iraileko hurrengo asteburuetako emanaldiak ere finkatu dituzte. Guztira sei pelikula izango dira, helduei zein umeei zuzendutakoak. Sarrerak, aurreko urtean bezala, lazkao.eus webgunean eros daitezke.
Udalak bonuak ere jarri ditu herritarren eskura. Hamar film ikusteko sarrerak sartzen dira, eta prezio murriztuagoan ateratzen da, ohiko sarrera arruntak erosi beharrean. Helduentzako bezala, aurten lehenengo aldiz haurrentzat ere bonua atera ahalko da. Bonuak erosteko epe-muga abenduaen 31 da. Helduentzako 10 filmen bonuak 40 euro balio du, eta haurrentzako 10 filmen bonuak, 30 euro.
Helduen emanaldiak, normalean, larunbatean bi saiorekin (19:30ean eta 22:00etan), igandean (19:30) eta astelehenean, ikuslearen eguna, 21:00etan izango dira. Haurren filmaren emanaldiak, berriz, larunbatean eta igandean, bietan 17:00etan.
Egun jakinetan, emanaldi bereziak ere antolatuko ditu Areriak. Irailaren 21ean, adibidez, Alzheimerraren Eguna dela eta, Siempre Alice filma jarriko dute, 20:15ean, sarrera merkeagoarekin (3 euro). Irailaren 28an, berriz, Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren 500. urteurrenaren dokumentala ikusi ahalko da, Elkano, el viaje mas largo.
Iraileko karteldegiak:
- Irailak 17 (19:30 eta 22:00), 18 (19:30) eta 19 (21:00): Dios mio pero que nos has hecho. Helduentzat.
- Irailak 17 (17:00) eta 18 (17:00): Minioms: el origen de Gru. Haurrentzat.
- Irailak 21, asteazkena (20:15), Alzheimerraren Eguna (3 euro): Siempre Alice.
- Irailak 24 (19:30 eta 22:00), 25 (19:30) eta 26 (21:00): Modelo 77 (estreinaldia).
- Irailak 28, asteazkena (20:15). Elkano, el viaje mas largo. Dokumentala, mundu biraren 500. urteurrenean.
Urrirako aurrerapenen artean, Karra Elejalde protagonista duen La vida padre eta Tadeo Jones 3: la tabla esmeralda filmak aurreratu ditu Areriak.