Beasainek autoa konpartitzeko app propioa izango du
'ParteCar' aplikazioa etzi jarriko dute erabilgarri. Antzeko bidaiak egin behar dituzten erabiltzaileak harremanetan jarriko ditu kotxea konpartitzeko. Auto kopurua txikitzea, isuriak gutxitzea eta airearen kalitatea hobetzea da helburua
ParteCar aplikazioarekin beasaindarrek autoa konpartitzeko aukera izango dute. Hala, alde batetik, gutxiago kutsatuko dute, airearen kalitatea hobetuz, eta bestetik, gastuak txikituko dituzte. Appa etzi jarriko dute erabilgarri, Beasaingo Udalak EHU/UPVko Uda Ikastaroak Fundazioarekin batera antolatutako mugikortasun adimentsu eta jasangarriari buruzko ikastaroaren baitan.
Erabiltzaileek nondik nora bidaiatuko duten, noiz eta autoa duten ala ez jarri beharko dute. Aplikazioak gutxi gorabehera bidaia berdina egin behar duten erabiltzaileak harremanetan jarriko ditu.
Beasaingo Udalak ingurumenarekin eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin konprometitutako erakundea dela gogorarazi du, “helburu horiek eragin zuzena baitute guztion ongizatean eta etorkizunarekin”. Leire Artola alkateak Smart Mobility: mugikortasun adimentsu eta jasangarri baterantz ikastaroa aurkezterakoan mugikortasun ohiturak aldatzea “ezinbestekoa” dela aipatu zuen. Akuilua izateko helburuarekin antolatu dute etziko ikastaroa.
Bi txanda izango ditu: goizekoa, teknikoagoa, eta arratsaldekoa, herritar orori zabaldua. Euskal Herriko Unibertsitatearen, Deustoko unibertsitatearen, Vicomtech eta Tecnalia ikerketa zentroen eta CAF eta Irizar mugikortasun enpresen arteko mahai inguru batekin hasiko dira. Arratsaldean, Sttutgarteko (Alemania) Bable kontsultorako adituek, Mugikortasun jasangarri digitala eta MAAS – Mugikortasun partekatua eta mugikortasuna zerbitzu bezala konferentziak eskainiko dute. “Gipuzkoan isurtzen ditugun gas kutsatzaileen %40a mugikortasunak sortzen ditu. Ohitura aldaketa bat eman beharra dago. Horretarako, garrantzitsua da azpiegitura fisikoak —bidegorri sareak, bizikleta aparkalekuak…— erabiltzea. Baina azpiegitura digitalak ere badaude, eta geroz eta garrantzitsuagoak dira. Kontua da, smart mundu honetan ingelesezko hitz arraro pila bat agertzen direla eta herritarrentzako arrotzak direla. Ikastaroaren helburua da herritarrek ulertzea era sinple batean hor potentzial handi bat dagoela eta izan dadila palanka mugikortasun ohitura zaharkitu horiek aldatzeko, laburbildu zuen Adur Ugartemendia Lurraldea saileko buruak eta ikastaroko zuzendariak saioaren aurkezpenean.
Goizeko saioan parte hartzeko izena eman behar da.