Esparrura igotzeko deialdia egin du Amalur mendi taldeak, iganderako
Igandean izango da lazkaotarren usadiozko jira. Plazatik 09:00etan irteteko hitzordua jarri dute, norbera bere kasa eta nahi duen bidetik igo dadin.
Esparru gainean lazkaotarrak, 2019an. /Mikel Albisu Lazkaotarrentzat maitea den Esparru mendira igotzeko eguna da datorren igandea, irailaren 18an. Iraileko hirugarren igandean gauzatzeko, duela 76 urte hasitako ohitura (ikus Goiberri-ko erreportajea, 2021-10-1).
Amalur mendi taldeak, bestela ezin, eta Esparrura antolatu du bere kide eta herritar guztientzako irekitako txangoa. Igandean, plazan 09:00etan elkartuko dira hala nahi duten guztiak, eta Esparrura igotzeko dauden askotariko bideetatik gora joango dira: Lazkaotik gora zuzenean, Ataundik edo Olaberritik.
Esparru gainean ekitaldiak izango dira, eguerdian: bertsoak, dantza, ume jolasak… Amalurrek aurreratu du bazkaririk ez duela prestatuko, eta jatekoa norberak eraman beharko duela. Salda pixka bat eramaten saiatuko direla ere esan dute.

Esparru gainean lazkaotarrak, 2019an. /Mikel Albisu













