Idiazabalgo 2. Mugikortasun Astea ospatuko da ostiraletik ostegunera
Igandean Mugikortasun Ibilbidea egingo da Idiazabalen barrena, 12:00etan.
Idiazabalgo Udalak Europako mugikortasunaren astearekin bat egin du eta ostiraletik ostegunera, hilaren 16tik 22ra, Idiazabalgo 2. Mugikortasun Astea ospatuko da. ‘Konbinatu eta mugitu’ da aurtengo leloa. Udalak azaldu duenez, Europako deialdiarekin bat eginez “mugikortasun jasangarriaren aukerak kaleratu” nahi dira: “Herritarrok ditugun ohituren aurrean hausnarketa bat egin eta garraio estrategia jasangarri baterako pausoak emateko”.
Hiru jarduera antolatu dituzte egun horietarako. Igandean, hilaren 18an, Mugikortasun Ibilbidea egingo da 12:00etan futbitotik aterata, Idiazabalen barrena. Nahieran egin daiteke: txirrinduan, patinetan, patinetean…
Datorren asteartean, berriz, hilaren 20an, adinekoei zuzendutako Izalbira paseoak hasiko dira. 11:00etan plazatik aterata, asteartero elkartuko dira ibilbide osasungarriak konpainia onean egiteko. Hilaren 21ean izango da mugikortasun asteko azken jarduera, asteazkenean. Bide segurtasun ikastaroa egingo dute Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek.