Traktoreen eta nekazaritza-makinen azterketa teknikoak egiten bihar hasiko dira Goierri behean
Lehenengo aukera Olaberrian izango dute baserritarrek, irailaren 14an, kaskoko elizaren atzeko aparkalekuan. Idiazabalen, Lazkaon, Seguran, Zegaman eta Zaldibian ere izango dira unitate mugikorrarekin IAT pasatzeko. Gertueneko lekura joateko gomendatu diete nekazariei.
Baserritarrek bihartik aurrera Goierrin bertan pasatu ahal izango dute traktoreen eta nekazaritza-ibilgailuen IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoa. Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak zabaldu duen ohar baten arabera, Goierri behealdean hainbat herritan egongo da Irungo IAT estazioko unitate mugikorra (Goierri garaian ere eman ohi dute zerbitzu hori).
Egutegiaren arabera, lehenbiziko aukera Olaberrian edukiko dute, irailaren 14an, asteazkena. Eliza atzeko aparkalekuan jarriko dute unitatea, eta hara eraman behar dira traktoreak eta IAT behar duten bestelako ibilgailu zein makinak.
Aurrez txanda hartzeko eskatu dute, Irungo IATra hots eginda: 943 62 63 00 edo ltevelesa.com. Zerbitzuaren kostua 43,95 euro da, eta esku dirutan ordaindu beharko da.
Herri bakoitzeko nekazarientzat zerbitzua emateaz gain, inguruko herrietakoentzat ere bada. Gertueneko herrira joateko gomendatu du Landaolak.
Nekazaritzako traktoreen, ibilgailuen eta makinen IAT egutegia Goierri behean:
- Irailak 14, asteazkena. Olaberrian. Eliza atzeko aparkalekuan.
- Irailak 21, asteazkena. Idiazabalen. Kamioien aparkalekuan.
- Irailak 22, osteguna. Urtsuaran auzoan (Idiazabal). Ermita ondoan.
- Urriak 5, asteazkena. Lazkaon. Zubierreka industrialdean.
- Urriak 13, osteguna. Lazkaon. Zubierreka industrialdean.
- Azaroak 9, asteazkena. Seguran. Herriko aparkalekuan.
- Azaroak 16, asteazkena. Zegaman. Herri sarrerako industrialdean.
- Azaroak 17, osteguna. Zaldibian. Goizaneko aparkalekuan.