'Agirretarren bandera' antzezlana eskainiko du Ekidak ostiralean Idiazabalen
Plazan izango da, eta euria ari badu, Guraso Elkartean, doan. Arte sozialista garatzeko ekimena da Ekida.
‘Agirretarren bandera’ antzezlana eskainiko du Ekida ekimenak Idiazabalgo plazan, ostiralean, 19:30ean, doan. Euria egiten badu Guraso Elkartean izango da. Gaur egungo familia baten kontakizuna da. Eugenio Agirre Alvarez bost kideko langile-familia baten aita da. Hura hiltzean, bilobei bere apartamentua utziko die oinordetzan, eta bertara joango dira gazteak bizitzera. Etxe batean gazteen kezka prekarioak eta ametsak gorpuztuko dira, eta beste etxe batean bi amaren ametsak eta hutsuneak.
Artea sozialismotik garatzeko baliabideak antolatzea du helburu EKIDA ekimenak, lan artistikoan, lan tekniko eta azpiegiturazkoetan edota formakuntzakoetan. Maiatzean estreinatu zuten antzezlana, Azpeitian.
Naiara Azpilkuetak, Paul Beitiak, Ane Biainek, Aratz Fernandez de Pinedok, Onintze Goitizek, Ibon Guerrak, Mikel Izurietak, Maialen Mallesek, Ainhoa Mariaezkurrenak eta Lurdes Ondarok egin dituzte zuzendari, gidoigile, antzezle eta teknikari lanak, eta Trigger-ek sortu du musika.
«Garai berekoak dira gure ahotsak
Oinordetzan utzi digute leku bat munduan
Norentzat dira geneuzkan ametsak, guri ez badigute balio?». Hala aurkezten dute antzezlana ondorengo bideoan.