Aralarko larreen kudeaketak gori-gori dauzka abeltzain, sindikatu eta ingurumen elkarteak
Aralarko larreen antolamendurako plana salatzeko protesta egin zuten pasadan astean Aralarko Baserritarren Elkarteak eta Enba eta Ehne sindikatuek; plan bat beharrezkoa dela deritzo Landarlan Ingurumen Elkarteak.
Txindoki eta Aralarko ikuspegia, Lazkaomenditik. Argazkia: Hitza Ekaitza lehertu da Aralarren, beste behin, baina, ez metereologikoa. Batetik daude, Aralarren azienda duten abeltzainen elkartea eta Enba eta Enhe sindikatuak. Orain ere kexu dira hiru erakundeok. Ez daude batere pozik Enirio-Aralar Mankomunitatea egiten ari den kudeaketarekin, eta kezkatuta daude, mankomunitateak larreen antolaketarako plana berrabiarazteko asmoa erakutsi duelako. Bestetik, Landarlan Ingurumen Elkartea dago, zeinak beharrezkotzat jotzen duen larreen antolaketarako plan bat. Legealdiaren amaiera, eguraldia bezala, inoizko beroena ez bada, oso tenperatura altukoa aurreikusten da.
Aurreratu bezala, haserre daude Aralarko abeltzainak eta bi sindikatuak. Ordiziako Euskal Jaietako erakusleihoa baliatuz egin zuten protesta, azkenekoz, mankomunitatea egiten ari den kudeaketaren aurka daudela agerian utziz, berriro ere. Enirio-Aralar Mankomunitateko agintariak, agintaldi hasieran -2019 urtean-, Larre Kudeaketa Plan berria indarrean jartzeko tramitazioa hasteko urratsak ematen hasi ziren. Mendiko abeltzain guztiak erabat aurka agertu ziren. Azaldu dutenez, “gora behera eta sestra ugari ostean, Gipuzkoako EH Bilduren direktibaren konpromisoa jaso genuen, idatziz, Enirio-Aralar Mankomunitateak abian jarri nahi zuen Larre Antolaketarako Plana, hitzez hitz, ‘izozkailuan’ gorde eta bertan mantenduko zela”.
Uztailean baina, Enirio-Aralar Mankomunitateko batzarrak, Larre Kudeaketa Plana berrabiarazteko asmoa duela eta horri aurre egiteko 18.000 euroko diru-partida onartu zuela jakin dute.
Horregatik, hainbat gauza argitu nahi izan dituzte Aralarko Baserritar Elkarteak, Enbak eta Ehnek. Lehenik eta behin, “mendia kudeatzeko modurik egokiena, ekologikoena, merkeena eta jatorrena, abereekin egindakoa” dela diote. Bigarrenik, gogoratu dute, “euskal gizarteak hainbeste preziatzen duen Aralar eta bere larreak, neurri handi batean, abeltzainek beren aziendarekin moldatutako paisaia” dela. Hirugarrenik, prest agertu dira “abeltzainen eta aziendaren lana lehenesten eta balorean jarriko zukeen planteamenduak jorratzeko”. Eta laugarren eta azken puntu bezala, dei egiten diote Enirio-Aralar Mankomunitateari, “mihi puntan hainbeste darabilten lehen sektorearekiko begirunea, bere eguneroko jardunean aplikatzeko, eta honenbestez, plan berriekin hasi baino lehen, abiatu dezala, abeltzainekin elkarlanean oinarritutako bidea”.
Hainbat gomendio egin ditu Landarlan elkarteak
Gai horrekin lotuta, Landarlan ingurumen elkarteak aste honetan berretsi du, larre antolamendurako plan bat beharrezkoa dela Aralarren: “Inoiz baino tenperatura altuagoak izan ditugu uda honetan, eta prezipitazioak aldiz, erregistraturiko baxuenetarikoak izan dira. Klima aldaketaren ondorioz egoera hau ohiko bilakatuko dela aurreikusten da. Bada egokitzen hasteko garaia!”.
Uda honetan Aralarko goi larreetan, arreta eman dien hainbat gauza ikusi dituztela aipatu dituzte. Batetik, “ur asketako eta iturrietako ur faltak”, eta bestetik, “abereen portaerak”, hau da, “behi, behor eta ardiak Aralarko zuhaizti urrietan babestuta ikusi ditugu momentu oro”.
Klimaren eboluzioaren aurreikuspenei begira, Enirio-Aralar Mankomunitateari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari hainbat gomendio egiten dizkiete. Batetik, Aralarren abereen karga jaitsi beharko litzatekeela esan dute. Azken datuen arabera, “%150eko” abere karga du Aralarrek. Horrela mantentzen bada, “urtetik urtera Aralarko larreek geroz eta kalitate eskasagoa” izango dutela aurreikusten du Landarlanek, “zer esanik ez, uda lehorrak ohiko bilakatzen badira”. Aralarren abeltzain profesionalak eta ez profesionalak daudela kontutan hartuz, “profesionalak lehenestea” da ingurumen elkarteak ematen duen gomendioa.
Bestetik, “Aralako goi lurretan baso gehiago behar dugu, eta hori garbi geratu zaigu uda honetan”. Garbi dute, basoak Aralarko biodibertsitatea, lurzorua eta ura babesteko giltzarriak direla, eta muturreko baldintzetan, mendiari eta abereei ere babesa eskaintzeko funtsezkoak direla, azken hauentzat itzala eta giro freskoagoa eskainiz”.
Azkenik, abeltzainen sindikatuei zuzenduz diote, haientzat, “deabruaren hitzak” izango direla egindako gomendioak: “Beraien ustez zentzu handiagoa dauka Natur Parkeko goi lurretara ur zisternak igotzeko pistak egiteak, Aralarko lurzorua eta larreen baldintzak hobetu ditzaketen neurriak hartzea baino”. Esandakoak esanda ere, “elkarlanerako prest” agertu dira.













