Ein GO taldearen kale-errondarekin bukatuko da Lazkaon Maizpideren udako kultura egitaraua
Plaza taldeak 'Kantan ta dantzan' girotuko du Lazkaon, bihar, osteguna. Musika joz, herri dantzetara eta kantura gonbidatuko dituzte lazkaotarrak eta Maizpideko ikasleak
Ein GO erromeria eta plaza taldearekin bukatuko da Lazkaon Maizpide euskaltegiak udarako prestatu duen egitaraua. Uztailean, abuztuan eta irail honetan hainbat ekitaldi jarri dituzte, barnetegiko ikasleentzat zein herritar guztientzat.
Azkeneko agur modura, bihar, osteguna (irailak 15), Ein GO taldeak ‘Kantan ta dantzan’ saioa girotuko du, Lazkaoko kaleetan. Plazatik 18:30ean abiatuko dira. Euskal abesti ospetsuak joz, haiek kantatzera eta haiekin dantzatzera animatuko dituzte lazkaotarrak.
Ibarrangelun (Bizkaia) 2015ean sortua da Ein GO taldea. Euskal kantutegia plazaratzen dute, abesti zaharrak nahiz modernoagoak. Lantzen dituzten hiru formatuetatik, kaleko ikuskizun ibiltaria ekarriko dute Lazkaora. Erromeriarako eskaintza eta gidatutako plazako dantzaldiak ere badituzte.