Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko 3. proba izango da Zegamakoa, datorren astean
Irailaren 24an jokatuko da, banaka eta bikoteka. Goierrin beste bi proba jokatuko dira: Arriarangoa urriaren 1ean eta Igartzakoa, zirkuituko azkena, azaroaren 11n.
Zegama Aizkorri mendi duatloia iristear da. Datorren astean jokatuko da, irailaren 24an, larunbata, eta Euskal Herriko 12. mendi duatloi zirkuituko hirugarren proba izango da. Irailaren 4an izan zen zirkuituko lehen proba, Igantzin (Nafarroa Garaia). Horren ondoren, Ibarrakoa (Gipuzkoa) jokatu zen joan den astean, hilaren 10ean. Urduñakoa (Bizkaia) larunbatean jokatzekoa zen, hilaren 17an, baina bertan behera geratu da.
Euskal Herriko zirkuiturako puntuagarria izango da 4. Zegama Aizkorri mendi duatloia, Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak eta Zegamako Udalak antolatuta. Banakakoak 16:00etan irtengo dira eta bikoteak bost minutu beranduago, 16:05ean. Lehenengo sektoreak, txirrinduan, 9,4 kilometro izango ditu, 723 desnibel positiboarekin bigarrenak, korrika, 5,4 kilometro 558 desnibel positiboarekin eta 3. sektoreak, berriz ere txirrinduan, beheraka, 10,5 kilometro, 723 desnibel negatiboarekin.
Izena emateko epea hilaren 23ko 23:59ak arte egongo da irekita, banakako zein binakako probetarako. www.kirolprobak.com webgunean eman behar dute izena parte hartu nahi dutenek. 16 lagunek izena eman dute dagoeneko, zortzik binaka eta beste zortzik banaka.
Goierrin beste bi proba
Euskal Herriko 12. mendi duatloi zirkuituko hurrengo proba ere Goierrin jokatuko da, Arriaranen, urriaren 1ean. Goierrin jokatuko den beste proba Igartzakoa izango da, zirkuituko azkena, azaroaren 11n.