Gilda eta StarBlues, irailaren 30ean, Botikaxaharren
Ganbaran Norbait Dabil egitasmoak antolatuta, kontzertua eskainiko dute Goierriko bi taldeek. Segura Irratiak streaming bidez emango du.
Beasaingo Gilda eta Ordiziako StarBlues taldeek kontzertua emango dute Segurako Botikaxaharren, irailaren 30ean, Ganbaran Norbait Dabil egitasmoak antolatutako emanaldian. Ekainean antolatu zuten azkeneko kontzertua. Aldi hartan Occhi di Farfalla eta Sofa taldeak aritu ziren. Hil amaieran bi talde goierritarren txanda izango da. 22:00etan hasiko da ikuskizuna eta 6 euro balioko du sarrerak. Bertaratzerik ez duenak ere ikusi ahal izango du, Segura Irratiak streaming bidez emango baitu. Basabe garagardoak jarriko dituzte salgai.
Gilda taldea Amagoia Aiestaranek, Anabel Toralek eta Maialen Aiestaranek osatzen dute. Esperimentazioan soinu pertsonalaren bila ibili ondoren iaz diskoa grabatzen hasi eta aurten kaleratu dute. ‘Egin albora’ izena du 8 abestiko bildumak. Starblues-ek, aldiz, bi diska argitaratu ditu. 2010ean ekin zion ibilbideari. Jon Barreros-ek, Mikel Atxegak, Yon Labaienek eta Fermin Etxeberriak osatzen dute taldea gaur egun. 2016an ‘Gu Geu’ lana kaleratu zuten, eta 2020an ‘Hitz Gatibuak’.