Gogoeta prozesu bat egingo du udalak 2030 Agendako helburuak lortzeko lehen fasean
Herriko ikuspegi eta pertzepzio ezberdinak jaso eta diagnostikoa osatzeko herritarren sektore ezberdinekin elkarrizketak antolatu dituzte. Prozesu irekia da.
Herriaren agenda eratzeko bideari ekin dio Idiazabalgo Udalak, garapen jasangarrirako 2030 agendaren esparruan. Lehen fasean, gogoeta prozesu bat egingo da, globalizazioak dakartzan gizarte, ekonomia eta ingurumen erronken aurrean herriaren egoera aztertzeko eta norabidea zehazteko.
2006an Agenda21 Ekintza Plana onartu zuen udalak, eta Eskolako Agenda21 jarri zen martxan. Idiazabali dagozkion garapen iraunkorreko helburuak zehazten ditu agendak, herritarren ongizatea, naturaren zaintza eta garapen ekonomikoaren arteko oreka bilatzeko. 2030 Agendak Nazio Batzuen Erakundeak adostutako 17 helburu jasotzen ditu.
Udalak adierazi du proiektuaren lehen faseko gogoeta eta azterketarako, “ezinbestekoa” izango dela herritarren eta herriko eragileen partaidetza eta konpromisoa. Lehen azterketa lana eginda, helburu jasangarri horiek lortzeko “herriko eragile guztien adostasuna” duen ibilbide orri bat eskaini nahi dute.
Ikuspegi eta pertzepzio ezberdinak jaso eta diagnostikoa osatzeko herritarren sektore ezberdinekin elkarrizketak antolatu ditu udalak. Ongizatea, hezkuntza, gazteria, adinekoak, kultura, kirola, ekonomia, landa eta natur eremua eta ingurumen arlokoak eragileei parte hartzeko gonbita egingo zaie.
Prozesu irekia
Ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek parte hartzeko aukera izango dute, prozesu irekia izango baita. Elkarrizketetan parte hartzeko interesa dutenek 667 20 51 09 telefono zenbakira deitu behar dute. Lehen erronda osatzerakoan bilera ireki bat egingo da diagnostikoaren emaitzak aurkeztu eta 2030erako ikuspegia lantzen hasteko.
Laia Kooperatiba enpresari esleitu zaio lana. Kontratuaren zenbatekoa 15.000 eurokoa da eta Gipuzkoako Foru Aldunditik %80ko laguntza jaso du udalak.