"Neurgailu desberdinak" erabiltzea leporatu dio Ordiziako EAJk Adur Ezenarro alkate eta mankomunitateko lehendakariari
Enirio-Aralar Mankomunitatearen kudeaketaren aurkako pankarta bat ipini zuten pilotalekuan, gazta txapelketaren egun berean. Herriko alkateak kentzeko agindua eman izana salatu du Ordiziako EAJ-k
Ordiziako EAJren udal taldeak esan du, Ordiziako EH Bilduren izaera «autoritarioa, sektarioa eta kritikarik onartzen ez duena» dela. Euskal Jaietan, asteazkenean, Beti Alai pilotalekuan gertatu zenaren harira egin dituzte adierazpenok. Egun horretan, Aralarko baserritarren elkarteak pankarta bat ipini zuen pilotalekuan, Enirio-Aralar Mankomunitatearen kudeaketaren inguruan duten iritzia agerian utziz. EAJk helarazitako komunikatuan diotenez, «pankartak kentzeko agindua eman zuen EH Bilduko alkateak, Enirio-Aralar mankomunitateko lehendakari ere badenak». Salatu dute, agindua ez zitzaiola «Udaltzaingoari» eman, momentu horretan, gazta txapelketaren ekitaldirako pilotalekua atontzen ari zen «gazte taldeari» baizik, eta hori «oso larria» dela. Gainera, egoera guztietarako neurgailu bera ez erabiltzea leporatu diote alkateari; «goiz berean, presoen aldeko protesta egin zuten toki berean eta ez zuten eten».