Osinalde, beti gazte 50 urtean
Bertsolari gazteentzako Gabiriako sariketaren 50. urteurrena zapatuan ospatuko dute. Inoiz irabazle ateratako 44 bertsolari gonbidatu dituzte. Saio ugari antolatu dituzte
Hara ordua heldu da eta / ekin beharko lanari./ Bestela zeinek aintzakotz hartu / hartara etorri danari. / Lenago ere bi edo hirutan / bisitatu det Gabiri. / Apaiak ondo ein deigula ta / gabon jainkoak denori. Lehen agurreko bertso horrekin ekin zion Patxi Iraolak Gabirian 1971ko martxoaren 6 batean Osinalde Sariari. Erbie soziedadean izan zen lehen saioa, eta irabazle aterako zen zaldibiarra. 50 urte iaz eta 50 ekitaldi aurten beteta, pandemiak atzerarazitako mende erdia ospatzera doa sariketa.
Larunbaterako antolatu dute 50. urteurreneko festa, Gabirian. Ibilbidea oroitzeko ekitaldia izango da aurrena, elizako saloian 11:00etan. Ordu erdi bateko sarrera-ekitaldia izango da, hitzez, irudiz eta, jakina, bertsoz. Ondoren, festara batu diren guztiek taldeko argazkia aterako dute, eta bertsoa ardatz duen egitaraua garatuko dute jarraian, elkarteetan eta tabernan.
Gabiria 44 bertsolariren topagune bihurtuko da. Osinalde saria inoiz irabazi duten bertsolariak bertan izango dira. Iraola eta Luis Otamendi lehen bi garaileak hil ziren, baita Juan Inazio Begiristain ere. Gainontzeko gehienek ia guztiek dute presentzia.
Poteo, bazkari eta saio
Hainbeste bertsolari izanda ere, denek izango dute kantatzeko aukera, formatu batean ala bestean. «Poteoko saioak gidatuak izango dira. Lehenik, Osinalden bertan hamaiketako eta lehen saiotxoa egingo ditugu. Ondoren, Ostatuan eta Erbien beste bi saio. Bertsolari asko datoz, eta bakoitzerako sei bat izendatuko ditugu», dio Jokin Muruak.
Bazkaria plazan da, eta arratsaldean, bazkal tokian bertan, saio «berezia» egingo dute beste 22-24 bertsolarirekin. Bertso jarriak ere izango dira.
Sozidadeko giro,/mahaiko erritu, /plaza hontan beti lasai/ ez naiz sentitu. /Egin dugu ausartu /eta deskubritu, /papar puztuz kantatu, / goxotik aritu. / Bertsoak baititu /mila zirrikitu / mende erdi ta piku, /ahal dela segitu. / Bide zarrak mantendu /eta berritu. Beste irabazle gazte batek, Ane Zuazubiskarrek, 50 saio geroago, aurtengo apirilean horrela agurtu zuen Osinalde.
EGITARAUA-PARTAIDEAK
Larunbata, hilak 17
11:00. Ekitaldia, elizako saloian.
Ondoren. Taldeko argazkia, par- taide guztiekin.
12:30. Bertso-poteoa ostatuan eta elkarteetan.
14:30. Bazkaria, plazan (euria bada, frontoian). Izena emateko: 650 141 813 (25 euro).
17:00. Bertso saioa, plazan.
*Bertsolari gonbidatuak: Xabier Zeberio, Joxe Izagirre Attola, Mikel Mendizabal, Jose Luis Mugartza Elgetzu, Jabier Arrizabalaga Ziarda, Millan Telleria, Xalbador Laka, Jon Sarasua, Xabier Euzkitze, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe, Joxe Mari Izeta, Xabier Narbarte, Joxe Ramon Elortza, Joxe Munduate, Bernardo Azpillaga, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi, Pablo Suberbiola, Bixente Gorostidi, Xabier Sukia, Nahikari Gabilondo, Arkaitz Goikoetxea, Nerea Elustondo, Ainhoa Agirreazaldegi, Iker Zubeldia, Iñaki Apalategi, Aritz Aranburu, Iban Urdangarin, Aitzol Barandiaran, Uxue Alberdi, Maddalen Artzallus, Mikel Artola, Ane Labaka, Amaia Iturriotz, Nerea Ibartzabal, Aitor Irastortza, Eñaut Martikorena, Haritz Mujika, Unai Mendizabal, Txaber Altube, Joanes Illarregi, Gorka Pagonabarraga eta Ane Zuazubiskar.
IRABAZLEEN ZERRENDA
Osinalde saria (1971-2022)
1971. Patxi Iraola (Zaldibia)
1973. Luis Otamendi (Aia)
1974. Xabier Zeberio (Itsasondo)
1975. Joxe Izagirre (Azkoitia)
1976. Mikel Mendizabal (Itsanondo)
1977. Juan I. Begiristain (Ataun)
1978. J.Luis Mugertza (Mallabia)
1979. X. Arrizabalaga (Elgoibar)
1980. Millan Telleria (Albiztur)
1981. Xalbador Laka (Ondarroa)
1982. Jon Sarasua (Aretxabaleta)
1983. Xabier Euzkitze (Azpeitia)
1984. J.J. Eizmendi (Errezil)
1985. Pablo J.Aristorena (Hernani)
1986. Joxe Mari Izeta (Usurbil)
1987. Xabier Narbarte (Lazkao)
1988. J.Ramon Elortza (Ormaiz.)
1989. Joxe Munduate (Ataun)
1990. Bernardo Azpillaga (Errezil)
1991. Igor Elortza (Durango)
1992. Maialen Lujanbio (Hernani)
1993. Aitor Sarriegi (Beasain)
1994. Pablo Suberbiola (Lasarte)
1995. Bixente Gorostidi (Amezketa)
1996. Saio berezia 25.urtemugan
1997. Xabier Sukia (Orio)
1998. Nahikari Gabilondo (Zarautz)
1999. Arkaitz Goikoetxea (Oiartzun)
2000. Nerea Elustondo (Legazpi)
2001. Ainhoa Agirreazaldegi (Bergara)
2002. Iker Zubeldia (Zegama)
2003. Iñaki Apalategi (Beasain)
2004. Oihana Bartra (Bilbo)
2005. Aritz Aranburu (Zarautz)
2006. Iban Urdangarin (Ataun)
2007. Aitzol Barandiaran (Ataun)
2008. Uxue Alberdi (Elgoibar)
2009. Maialen Artzallus (Hendaia)
2010. Mikel Artola (Alegia)
2011. Ane Labaka (Lasarte)
2012. Amaia Iturriotz (Urretxu)
2013. Nerea Ibartzabal (Markina)
2014. Aitor Irastortza (Zaldibia)
2015. Eñaut Martikorena (Hernani)
2016. Haritz Mujika (Asteasu)
2017. Unai Mendizabal (Zizurkil)
2018. Txaber Altube (Abadiño)
2019. Joanes Illarregi (Leitza)
2021. Gorka Pagonabarraga (Durango)
2022. Ane Zuazubiskar (Arrasate)
*1972an ez zen antolatu; 2020an bertan behera pandemiagatik