Udako irakurraldiaren solasaldia Irati Elorrietaren eleberri batekin egingo dute Zaldibiako irakurleek
Bihar arratsean elkartuko dira, Olaldeko parkean. 'Neguko argiak' liburua irakurri dute. Mokadutxo bat egingo dute bukatutakoan.
Zaldibiako Irakurle Taldeak bihar landuko du udan zehar irakurritako liburua. Irati Elorrietaren (Algorta, Bizkaia, 1979) Neguko argiak eleberriari buruz jardungo dira. Olaldeko parkean elkartuko dira, eguraldi ona bada, 19:00etan; bestela, Karreane kultur etxean. Ohi bezala, Karmele Etxabek gidatuko du irakurleen solasaldia.
Bere bizimoduarekin aurrera egin nahi duen belaunaldi baten kontakizuna da Neguko argiak. Parisen, Uribe Kostan eta, batez ere, Berlinen kokatua. Hain justu, Elorrieta bera Berlinen bizi da. “Erritmo azkarreko nobela eta kolore anitzeko istorioez osatutako narrazioa” dela aurreratu dute irakurleek.