Aspacekoak pregoilari
Bi urteko etenaldiaren ondoren, aurtengo Santa Anastasia jaiak oso bereziak izango dira urretxuar guztientzat. Bereziki, Aspace elkarteko lagunentzat: beraiek izango dute pregoia irakurtzeko ohorea.
Aspace Gipuzkoak 50 urte bete ditu. Urretxun 44 urte daramatzate lanean dagoeneko. 44 urte garun paralisia duten pertsonen gizarteratzean lanean. Urretxuko Jai batzordeak Aspaceren ekarpena txalotu nahi izan du eta pregoia irakurtzeko ohorea eskaini dio. Erabiltzaileak, gurasoak eta langileak pozez txoratzen daude, noski. Iban Arenas erabiltzaileak eta Imanol Garro Urretxuko eguneko zentroko arduradunak hitz egin dute, guztien izenean.
Arenasek errekonozimendu horri esker, herrian are eta sustraituagoak ikusten direla aipatu du. «Gure lana baloratzen dutela esan nahi du eta horrek asko pozten gaitu». Garrok inklusioaren aldeko lana saritu dela gehitu du. «Urte asko daramatzagu inklusioaren alde lanean. Aniztasun Mahaian parte hartzen dugu, Urretxuko eta Zumarragako ikastetxeekin lan egiten dugu, irakurketa errazeko taldean parte hartzen dugu… Ikasle batzuei saskigintza ikastaroak ematen dizkiegu eta, hala, irakasle bezala ikusten gaituzte. Familiek gure lana txalotu dute eta txikiagoekin ere lan egitea ere eskatu digute. Hala, 7 urte ingurukoekin ere hainbat ekintza egingo ditugu. Batxilergokoekin ere lan egin behar dugu».
Pregoia prest dute dagoeneko. Migel Angel Gomez erabiltzaileak eta Lurdes Etxanizek, erabiltzaile baten amak, irakurriko dute. Testua laburra izango da, jendeak lehenbailehen festaz gozatzeko aukera izan dezan. Izan ere, Aspacekoak ere oso festazaleak dira. «Egun Azpeitian bizi naiz, baina Urretxun bizi nintzenean, eguna kalean ematen nuen. Ekitaldi guztiez gozatzen nuen. Musika emanaldiak asko gustatzen zaizkit. Elkarteko beste lagun batzuk ere festazaleak dira. Aspaceren udalekuetan Gasteizko jaietara joaten ginen eta primeran pasatzen genuen», azaldu du Arenasek.
Garro iritzi berekoa da. «Aspaceko kideei asko gustatzen zaizkie festak. Ekitaldiak ikustea gustatzen zaie. Beharbada zerbait egin beharko litzateke beraien parte hartzea bultzatzeko, festa inklusiboagoak egiteko. Gai hori Aniztasun Mahaian landu dezakegu».
Pregoia beraiek irakurriko dutela, baina inklusio arazoak dituzten gainontzeko kolektiboak gogoan izango dituztela aurreratu du. Ahal duten guztiak joango dira festei hasiera emango dien ekitaldira. «Erabiltzaile batzuk ez dira Urretxun eta Zumarragan bizi eta mugikortasun arazoak dituzte. Denei luzatu diegu gonbita, baina batzuk beharbada ezin izango dira etorri. Dena den, jende asko etorriko da: Ibanen eta Angelen gurasoak sortzaileen artean daude, Migel Angel ere hasieratik dago, Juanjo Odriozola zenaren senitartekoak ere etorriko dira…».
Urduritasuna
Denak areto nagusian kabituko ez diren beldur dira. «Guztiontzako tokirik ez badago, batzuk behean gelditu beharko dira. Behean, jende artean, ordezkaritza edukitzea ere ez dago gaizki. Gutxi falta da eta urduri samar gaude. Protokoloa jaso berri dugu eta udalari Migel Angeli plataforma moduko bat jartzeko eskatu diogu. Bestela, plazan daudenek ez dute ikusiko. Pregoia motza izango da, bi minutu inguru iraungo du. Jendea jai giroan dago eta ez du pregoi luze bat entzuteko gogorik».
Testuan aldarrikapena eta historia uztartu dituzte. «Gure lehen egoitza San Martin auzoan egon zen. San Martin auzoa oso berezia da guretzat. Sekulako harrera egin ziguten. Erabat integratuak sentitu ginen. Auzoko dendara joaten ginen, auzotarrak gure lokalera etortzen ziren, bizilagunek arrantzatzera joaten zirenean eramaten zituzten otarrak konpontzeko eskatzen ziguten… Egungo egoitzan, berriz, Goierri elkartekoak eta Gainzuri ikastetxekoak dira gure bizilagunak. Horiekin ere oso harreman ona dugu. Gainzurikoen bizilagunak izateak ikastetxeekin lan egiten lagundu digu».