Eguzkitik inoiz baino gertuago
Aftersun jaialdia etzi bueltatuko da. Iker Lauroba, Anari eta Xabier Crehuet igoko dira oholtzara, besteak beste. Plastikoak itsasoan duen eragina jorratuko dute
Eguzkia dago iragarrita etzirako. Krema pixka bat eman behar, beraz, Aftersun jaialdian eguzkipean egon ostean gorputza babesteko. Jasangarritasunarekin konprometitutako jaialdia Oianguko belardietara itzuliko da larunbatean, urte bikoitia izanik.
Ordiziarrock ekintzak taldeak, berriz ere, lehen mailako jaialdiaz gozatzeko aukera dakar, espazio paregabe batean. Iker Lauroba eta beste urtaroak, Anari, Yartze, Xabier Crehuet, DJ Ritter eta DJ Monky man izango dira egun horretan oholtzan, 12:30etik aurrera. Entzumen arazoak dituzten pertsonentzako laguntza izango da.
Musikaz gain, Plastic war —plastikoari gerra— hitzaldia eskainiko dute lau bider. Itsas zaborraren inguruko solasaldi interaktiboa izango da, adin guztietako herritarrei zuzendua.
Gainera, aurreko edizioetan bezala, kontzertuetan erabiliko den argindar guztia energia fotoboltaiko bidez sortua izango da. Aurreko edizioetan erakutsi dute posible dela argindarra lortzeko alternatiba jasangarriak erabilita jaialdia aurrera ateratzea.
Globoan bidaiak
Hitzaldiarena ez da berezitasun bakarra: 19:30etik aurrera globo aerostatikoan bidaiatzeko aukera izango da. Lorratz ekologiko txikia uzten duen garraioa da. Egun osoan zehar parapente erakustaldiak izango dira.