Ibarbi sagarra Errezilen hasi da
Sagar motak ugaritzen ari dira Ordiziako feriako postuetan, baita udareen eskaintza ere. Arto opila eta irina berriz ere aukeran dira, eta Olaberriko behi gazta handi bezain deigarria berriz ere salgai jarri dute.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/09/ordiziako_azoka.jpg)
Bero egiten zuen goizean goizetik, hego haizeak eraginda, 20 gradutik gora. Udazkena uzta jasotzeko garaia denez, bustiegia ez da komeni, baina lehortua gehiegizkoa doanekoa aho batez entzuten da ferian. Hala, zenbait produkturi ez die onik egin. Esate baterako, sagar eta hur urte ona ez da izango.
Baina kantitatean asko izango ez bada ere, sagar aukera handitzen ari da. Atzo lehen errezila ekarri zuen Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk. «Errezilen Ibarbi esaten diogu, eta Errezildik kanpo Errezil sagarra», bitxikeria hau gogora ekarri ohi digu urtero garai honetan. Ibarbi Errezilgo auzoa da, eta han kokatzen dute estimazio handia duen sagar horren jatorria. Urteko lehenak 2 euroan zituen salgai, arbolatik zuzenean jasoak. Gainerakoan Topak, Urezta, Yumbo, Elstar, Bella de Boscoop, Erreineten erregina eta etxeko sagarra delakoa salgai ziren (2-3,8 €/k, mota eta neurriaren arabera).
Udare pare bat ere aipagai ziren, Konferentzia eta Mantekosa de Ardi (2,5-3€/k). Biak ere, gordinik jateko egokiak dira.
Irasagar dultzea ere egiten hasi dira Aramako Zurutuza ahizpak. Atzo Arantxaren postuan 2,8 euroko ontzietan zuen salgai (12 euroan kiloa).
Bestalde piper aukera handia dago une honetan ferian. Atzo Iñaki Intxaustik Kalifornia izenekoa ekarri zuen, morroaren antzekoak baina forma borobilxeagokoa, eta horia, berdea eta gorria aukeran (4€/k). Tomateei buruz gauza bera esan genezake, hauta handia eta oso puntu gozoan dagoelako une honetan.
Arto opila eta gazta
Maite Iturbek, berriz, abuztuko oporretatik bueltan arto opila egiteari ekin dio. Bezeroak irailean sartu orduko eske izaten ditu eta kiloa 6 euroko proportzioan, Markina eta Ordiziako azoketan saltzeko astero egingo du udaberria ondo aurreratu arte.
Judith Gartziak Behieko gazta berri bat aurkeztu du. Olaberriko Etxeberri Goikoakoak honela adierazi digu: «Hamar kiloko gazta da, ehun litro esnekin udaberrian egina. Sei hilabete ontzen utzi, eta oraintxe saltzeko prest dago. Alpeetan egin ohi diren Gruyere edo Comte gasnak bezala, pasta egosiarekin egina da. Kiloa 20 euroan da, eta nahi adinako zatia eros daiteke.