Ihurreko Cari de la Cruz kalea berritzeko lanak bukatutzat eman dituzte
Auzunea berritzeko proiektuen artean, azkenetarikoa izan da kale hori. Bi fasetan berritu dute, bi urtetan banatuta.
Olaberriko Ihurre auzoko kaleak eta azpiegiturak berritzeko proiektu orokorraren barruan, azkenetariko zatia izan da Cari de la Cruz kalearen urbanizazioa. Udalak auzunea eskuratu ondoren ekin zion berrikuntzari, eta hainbat urte iraun du zeregin horretan. Faseka, beti ere.
Cari de la Cruz kalea berritzeko lanak ere bi fasetan banatuta burutu dituzte. Lehenbizi, 2021eko urtarriletik martxora bitartean aritu ziren. Bigarren aldian, aurtengo urtarriletik ekainera. Sasoi Eraikuntzak enpresak egin ditu obra guztiak, 459.202,19 euroko kostuarekin (BEZa barne).
Udalak Eusko Jaurlaritzarengandik bi diru laguntza ere jaso ditu, bien bitartean. Bat, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak emandakoa eta 82.203,84 euroko ekarpen ekonomikoa izan duena, hiri inguruneetan etxebiztzetarako irisgarritasuna hobetzeko. Bestea, 149.988,16 eurokoa, Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailetik jasotakoa, landa-eremuen sustapena eta garapena laguntzeko programatik.