Imanol Rego izango da Irizar Taldeko Zuzendari Orokor berria
Irizar e-mobilityko Zuzendari Nagusi izan da 2020tik. Irailaren 26an hasiko da lanpostu berrian.
Imanol Rego Irizar Taldeko Zuzendari Orokor berria izango da. Kontseilu Errektoreak izendatu du. Nazioarteko hainbat enpresatan ibili izan da lanean Rego, hornidura-katearen kudeaketan zein maila globaleko negozioaren zuzendaritzako eginkizunetan. Azken bi urteetan Irizar e-mobilityko Zuzendari Nagusi izan da, 2020tik.
Irailaren 26an hasiko da lan berriarekin. Enpresak helarazitako ohar batean azaldu duenez, “Irizar Taldea bultzatzeko eta mugikortasunaren etorkizuneko erronka berriei” helduko die, “bezero eta bidaiari guztientzako garraio eta teknologia irtenbide jasangarriak garatzeko eta berritzen jarraitzeko helburuarekin”. Regoren hitzetan, “mundua erronka klimatiko eta energetiko bati aurre egiten ari zaio, eta Irizar Taldeak garraio irtenbide ugari eskaintzen ditu, elektromugikortasunari nahiz beste energia iturri batzuei lotutakoak, betiere egungo garaiek eskatzen dizkiguten eraginkortasun eta jasangarritasun erronkei erantzuteko helburuarekin. Etorkizuneko garraioa hemen dago, eta gure bezeroek eta bidaiariek Irizar Taldearen berrikuntzez eta teknologiaz gozatzen jarraitzea nahi genuke”.
Koldo Mendizabal Irizar S.Coop-eko Lehendakariak, Kontseilu Errektorearen izenean, “konfidantza osoa” eskaini dio Regori, eta adierazi du teknologikoki aurreratua dagoen erakunde baten lider gisa, “hazkunde sendo eta jasangarria bultzatu, taldearen balioak islatu, bezeroekiko konpromisoa indartu eta Irizar markak eskainitako eraginkortasun operatiboa sustatuko” duela.