Talidomidaren kaltetuen aldeko jardunaldiak egingo dituzte Legorretan, bosgarrenez
Irailaren 23an eta 24an ospatuko da; hitzaldia, kontzertua, lasterketa, artisau azoka, batukada eta garagardo azoka egingo dituzte. Lasterketan parte hartzeko izena eman behar da.
Talidomidak kaltetutakoen aldeko jardunaldiak egingo dira Legorretan, bosgarrenez, Avite elkarteak, Pikuk Kirol Klubak eta Legorretako Udalak antolatuta. Irailaren 23an, ostirala, hasiko da, Zure Irrifarra Nire Indarra elkarteak emango duen hitzaldiarekin. Urritasun funtzionala duten haurren alde lan egiten du elkarte honek. Herri Antzokian izango da hitzaldia, 18:00etan hasita.
Egun berean, Noir Socha talde ordiziarraren kontzertua izango da, herriko plazan, 23:00etatik aurrera. Laukote honek, rock alternatiboa egiten du. Estatu mailako musika panoraman sona handia duen Pasion Rock lehiaketa irabazi berri dute.
Lasterketan parte hartzeko eman izena
Talidomidak kaltetutakoen aldeko jardunaldian klasiko bat bihurtu da lasterketa. Irailaren 24an, larunbatean, jokatuko da, 11:00etan hasita. Bertan parte hartu nahi duten korrikalariek izena eman beharko dute; Kirolprobak.com webgunean, edo egunean bertan lasterketaren irteera puntuan. Izen-emateak 7 euroko prezioa du, eta Zure Irrifarra Nire Indarra ekimena laguntzera bideratuko dena.
Larunbatean ere, Pikukada Legorretako batukadaren emanaldia izango da, 12:30etik aurrera. Gainera, goizean zehar, artisau azoka izango da plazan, eta ondoren, garagardo azoka egingo dute.