GHK-k hondakinen transferentzia estazio bat eraikiko du Sasietako zabortegi zaharrean
Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak (GHHKPO) aurreikusten duen zortzigarren eta azken azpiegitura izango da. Sasieta osatzen duten 22 udalerriei emango die zerbitzua, eta urtean 18.000 tona hondakin baino gehiago kudeatuko ditu. 2.400.000 euroko aurrekontua du proiektuak, eta bederatzi hilabetean amaituta egotea espero dute.
Sasietako zabortegi zaharraren gorenean eraikiko du Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) “Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko zirkuitua” itxiko duen transferentzia estazioa. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak (GHHKPO) aurreikusten duen zortzigarren eta azken azpiegitura izango da. Sasieta Mankomunitateak lursail bat utzi dio GHKri estazio hori eraikitzeko, eta Sasietaren barruko 22 udalerriei emango die zerbitzua. Urtean 18.000 tona baino gehiago hondakin kudeatuko ditu.
GHKren presidente Jose Ignacio Asensio eta Sasietako lehendakari eta Beasaingo alkate Leire Artolak jarri dute gaur eguerdian azpiegitura horren lanen hasiera sinbolizatzen duen lehen harria. Obrak 2.400.000 euroko aurrekontua du (BEZa kontuan hartu gabe), eta bederatzi hilabetean bukatuta izatea espero dute. Viuda de Sainz-Urdinberri ABEE (Aldi baterako enpresa elkartea) esleitu diote obra, eta gastu guztiak GHK-k hartuko ditu bere gain. Ekitaldian parte hartu dute baita ere Cesar Gimeno GHKren zuzendariak, Ekhi Albizu Sasietako lehendakariorde eta Segurako zinegotziak, eta Iñaki Erauskin eta Enrike Enparantza Sasietako teknikariek.
“Falta zen azken pieza”
“Sasietako trasnferentzia estazioa da Gipuzkoan hiri hondakinak kudeatzeko zirkuitua ixteko falta zen azken pieza. Etxez etxeko bilketa zerbitzuen eta tratamendu azpiegituren arteko zubi eta lotura gisa balio dute azpiegitura hauek. Instalazio hauek joan-etorri luzeak, kostu ekonomikoak eta ingurumen kostuak saihesten dituzte, eta zerbitzu homogeneoa bermatzen dute”, adierazi du Asensiok.
Sasieta zabortegi zaharreko goreneko eremuan eraikiko dute transferentzia estazioa: “Inolako erabilerarik eman gabe, hondakin nahastuak lurperatzen ziren instalazio batetik, urtero 18.000 tona hondakin bilduko dituen instalazio batera igaroko gara. Hondakin horiek sailkatuak dira, eta Gipuzkoako Ingurumen Guneko instalazioetara eramango dira. 18.000 tona, lehen arazo bat zirenak, gaur egungo aukera bat dira”, zehaztu du Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHKko presidente Asensiok.
Hondakinen banaketa
Urtean 18.000 tona hondakin kudeatuko ditu transferentzia estazioak, honela banatuta: 5.000 tona/urteko errefusa; 6.000 tona/urteko biohondakin; 700 tona/urteko tamaina handiko hondakin; 1.200 tona/urteko industrialdeetan jasotako hondakin; 3.200 tona/urteko Legazpiko instalazioko errefus-ontziak; eta 1.300 tona/urteko inausketa, Tolosaldetik eta Sasietatik ekarriak.
“Eskualdearen izaera solidarioa”
Sasietako presidente eta Beasaingo alkate Leire Artolarentzat “pozgarria da gaurko eguna”, orain urte batzuk hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako egin zen “mapa egikarituz” baitoa. Haren esanetan, “behar-beharrezkoa izan da erakundeen arteko elkarlana” azpiegitura hau Sasietako zabortegi zaharrean jartzeko. “Azpimarra egin nahi nioke eskualde honek duen izaera solidarioari. Momentu pozgarria da hau, eta hilabete gutxiren buruan azpiegitura moderno bat izango du eskualdeak”.