Beasaingo kaleetako hiru elkarrizketatik bat da euskaraz
Bi puntu egin du gora erabilerak duela 20 urte lehen kale neurketa egin zenetik; hiru puntu jaitsi da 2013ko datuekin alderatuta. Zenbat eta gazteago, euskaraz gehiago.
Beasainen kalean entzuten diren elkarrizketen heren bat euskaraz da. Soziolinguistika klusterrak orain urtebete Zabalgunean, Igartzan, Ezkiagan eta alde zaharrean egindako zenbaketek hala neurtu dute. 7.334 elkarrizketa jaso zituzten, denera. Aittu! euskara elkarteak atzo aurkeztu zizkien datuok herriko eragileei, Igartzako Jauregian.
Azken zenbaketarekin alderatuta, erabilerak hiru puntu egin du behera. «Ez da berebiziko deskalabrurik», baretu zuen Patxi Saez Aittuko arduradunak. Hainbat datu eman zituen berresteko: duela hogei urte egin zen lehen kale neurketatik bi puntu egin du gora. Hau da, 2001. urtean elkarrizketen %30a zen euskaraz. Are gehiago, 2003. urtean lau elkarrizketatik bakarra zen euskaraz. «Nahiz eta apur bat behera egin, joerari eutsi diogu», borobildu zuen.
Beasainen lehen hizkuntza euskara dutenen kopuruarekin bat dator erabilera. Beasaindarren %35ak esan zuen euskaraz erdaraz baino hobe moldatzen dela. Euskaraz hitz egiteko gaitasuna duten herritarren eta kalean jarduten dutenen arteko proportzioa soziolinguistika klusterrak beste herrietan egindako neurketen bataz bestekoaren bueltan dabil.
2016an etxeko hizkuntza ohiturak galdekatu zirenean beasaindarren %25ak aitortu zuen etxean euskaraz aritzen direla. Hamar puntu gutxiagok, alegia. Eta kale neurketaren metodologia fidagarriagoa da, etxeko neurketan norberak esandakoa ontzat hartzen zelako, hirugarren batek baieztatu gabe.
Auzoen artean, alderik ez
Zabalguneko, Igartzako eta alde zaharreko datuen artean ez dago alde handirik. Hiruetan elkarrizketen %37a da euskaraz. Alde zaharreko datua nabarmentzeko modukoa da, azken neurketatik bost puntu egin duelako gora. Ezkiaga inguruan ere gora egin du erabilerak, puntu bat, baina «nabarmen» herriko zonarik erdaldunena da. Hizketaldien %15,9a da euskaraz. 2003ko datuetan elkarrizketen %10a ere ez zen euskaraz, dena den.
Neurketa testuinguru «berezian» egin zela gogorarazi zuen Saezek. Iazko urrian pandemia gogor ari zen jotzen eta mugikortasuna murriztua zegoen. Ondorioz, elkarrizketa eta pertsona gutxiago zenbatu ahal izan dituzte. Datu «sendoak» jasotzeko, nahikoa: %1eko akats tartea du. Neurketak iazkok irailaren 18aren eta urriaren 6aren bitartean egin ziren, asteazkenetan 18:00etatik 20:00etarako tartean eta larunbatetan 11:00etatik eta 13:00etarako eta 18:00etatik 20:00etara.
Haurrak, euskaldunenak
Emakumeek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dute euskara. Ez dago alde handirik, dena den. Bi kasuetan %33aren bueltan dabiltza. Herena, esan bezala. Zenbat eta gazteagoa orduan eta joera handiagoa dago euskaraz hitz egiteko. Bi eta hamalau urte bitarteko haurrek gehiago erabiltzen dute euskara gaztelania baino. Datuak ia 10 puntu egin du behera, halere.