Datorrenaren aldarri, fresko udako azkena
Lore postuetan denboraldi aldaketa nabarmen antzematen da. Mahats beltza eta irasagarra nobedade.
Batzuk asko eskertu dute goizeko freskura, 10-11 gradu goizean goiz, gaur eta bihar arteko gauean ordu bata eta lau minutuan hasiko den udazkena iragarri nahi izan balu bezala. Beste batzuk negua buruan eta tira prestatu beharra dagoela esanez. Produktuei bistadizo bat ematea nahikoa da bizi dugun urte aroaz erreparatzeko.
Mutiloako Juanita Murgiondok mahats beltza ekarri zuen 3 euroan kiloa. Arantxa Lopategik Altzagatik irasagarra. Garai batean hain preziatua eta etxe askotan egiten zen irasagar dultzea. Gaur egun berriz oso gutxik erosten dutela esaten zigun Arantxak eta are gutxiagok egiten dute. Ferian erosi daiteke Arantxa Zurutuzaren postuan 12€/kiloko proportzioan. Askoz gehiagok egin eta saltzen dute sagar dultzea.
Barazkiei dagokionez urteko tipula gorria jadanik salgai da eta poliki-poliki neguko azak agertzen hasi dira.
Loreetan eskaintza aldaketa izan da. Batez ere udaberria eta uda lotzen ditugu loreekin baina udazken-neguko aukera ez da urria. Hemendik aurrera astero honako hauek aukeran: pentsamendua eta biola (1,1-1,2 €), azalea (6-10,5 €), ziklamena (4,2-7 €), txilarra (5-8,5 €), krisantemo lore txikiduna (5 €), platikodon (5,5 €), alelia (1,8) kolore bizi eta deigarriko lorea duten hauek ondo irauten dute neguan. Urte guztian eskaintzen dituzten orkidea edota kalantxo ere oparitarako poliki saldu ohi dira. Hauek barruan edukitzea komeni.
Onddoa nagusi kopuruz
Ez doala hain urte emankorra esan daiteke. Onddo kolpea izan da tokika eta kopuruak hori adierazten du, ia 300 kilo batu dituzte Lasatarren eta Basoakoen artean 14-24€/k. Aldiz gorringoa (27 kilo) nagusi prezio aldetik 18 eta 33 €/k. Ziza horia (33 kilo 20-26 €/k) eta mendiko angula (3kilo 26€/k) eskaintza osatzeko.
Bestalde, postuetako arduradunek joa- etorrian dabiltza. Datorren astean Jon Etxeberria erlezaina etortzen hasiko da berriz ere Gozatu ezti eta erleen gainerako mozkinen eskaintza ekarriz. Bestalde Joxe Antonio Aizpuru Errezildarrak piper egingo du herriko jai eguna ospatuko duelako. Hilabete batez Uliako Labekoek ez dute posturik jarriko haiek ere ospakizun hilabetea izango dutelako.