'Hariz-hari, sorgindu hadi!' ibilbidearen unitate didaktikoa aurkeztu dute
2018an Segurako Udalak, udaleko parekidetasun arloak eta Farapik sortutako ibilbidean oinarritutako unitate didaktikoa aurkeztu dute Ardixarra Etxean. Herriko emakumeen memoria eta ezagutza berreskuratu, haurren artean zabaltzea eta hausnarketa sustatzea du helburu.
Segurako Udalak, udaleko parekidetasun arloak eta Farapik ‘Hariz-hari sorgindu hadi!’ ibilbidearen unitate didaktikoa aurkeztu dute gaur goizean Ardixarra Etxean. Aurretik ibilbiderako egindako prozesuan jasotako informazioa bildu eta haurrei zuzendutako unitatea prestatu dute. Herriko emakumeek urte luzez gordetako ezagutza 6 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoen artean zabaltzea du helburu, ikuspegi feministatik landuta, haurren hausnarketa eta ahalduntzea bultzatzeko.
2018an sortu zuten ‘Hariz-hari sorgindu hadi!’ ibilbidea, bederatzi puntu eta geldiune ezberdinekin: Kontxixi, Katalina, Emaginak, Lixibalekue, Ostatue, Baserri mundue, Xexteri, Txanbolinpe eta Anita. Horiek dira ibilbidean zehaztutako puntuak, eta toki bakoitzean herriko emakume baten istorioa kontatzen da. Hori abiapuntu hartuta, emakume horien memoria eta ezagutza gazteengana zabaltzeko unitate didaktikoa sortu dute orain. «Memoria lokala sustatuz feminismotik lantzen dira gaiak. Helburu inportanteenetako bat haurren artean hausnarketa bultzatzea eta haiek beste ahalduntze bat sortzea da, herriko eta inguruko umeak berdintasunean oinarritutako ikuspegitik heztea», azaldu du Izarra Urdalleta Segurako alkateak. Memoria feminista aldarrikatuko da unitate didaktikoaren bidez, berdintasun ikuspegia txertatuz, ondo pasatuz eta dibertituz.
Marigorriren figura erabili dute kontakizuna egiteko. Arantzazu Baztarrika berdintasun teknikariak azaldu duen bezala, «Segurako 12 urteko ume bat da Marigorri, beste liburu batetik sortua eta Turismo Bulegoak erabiltzen duena beste unitate didaktiko batzuetan kontalari bezala haurrengana gerturatzeko». Emakume batzuk bere lagunak dira, eta beste batzuk amona, izeba…ezagunak ditu denak eta berak proposatzen ditu ariketak. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoenez, jarduera bakoitza adinka banatu dute. Unitate didaktikoaz gain, liburuxka formako pasaportea sortu dute ariketak bertan egiteko. Unitate didaktikoan informazio gehiago agertuko da, baina gogoeta bideratzeko lagungarria izango da pasaportea, mapa batekin eta kontaketa orokorrarekin. Pasaportearen bidez, geldialdi bakoitza pasatu eta bertako ariketa bete izana baloratzeko zigilu bat jarriko da.
Dokumentuak Segurako Udalaren webgunean jarriko dituzte eskuragarri nahi duenarentzat. Informazio gehiago edo gidatutako lanketa egin nahi duenak berdintasuna@segura.eus helbide elektronikora idatzi dezake.
“Eraikuntza kolektiboa”
Lantzeko 10 gai edo kontzeptu zehaztu dituzte: genero rolak, bizitzari eusteko lanak eta lan produktiboak, espazio pribatua eta espazio publikoa, amatasuna, jakintza aitortuak eta ez-aitortuak, eremu maskulinizatuak eta feminizatuak, aisialdiaren erabilera ezberdina, ikuspegi feminista, memoria historiko feminista eta ahizpatasuna.
Ibilbidea sortzeko prozesua Farapirekin landu zuen udalak. Ezagutza eta elkarlan hori aprobetxatu eta unitate didaktikorako ere elkarlanean jardun dute. Ibilbidearen sorrera prozesua bertako emakumeekin egin zuten, saioz saio gaiak aukeratuz, landuz eta informazioa eskuratuz. Unitate didaktikoa sortzeko prozesuan ere metodologia berdina erabili dute. «Emakume talde bat osatu zen eta saioz saio geldialdi bakoitza nola egokitu ahal zen probatzen joan ginen. Giltzarria izan zen taldean hainbat irakasle zeudela eta begirada pedagogiko hori eskaini zutela», azaldu du Irati Garai Farapiko langileak.
Ondoren ikastetxe batzuekin eta beste hainbat irakaslerekin kontrastatu zuten. «Prozesu honen gauza interesgarrietako bat da emakumeek eurak sortzen dutela, eraikuntza kolektiboan oinarritzen dela. Ahalduntze prozesu bat ere ahal da izan hori».
Unitatearen maketazio lanak Tandem branding eta diseinu agentziak egin ditu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza izan du udalak ibilbiderako zein unitate didaktikorako.