Ikasturte berria hastear
Ordiziako Jabekuntza Eskolan ikasturte berrirako eskaintza zabala izango da herriko emakume guztientzat. Udazkeneko programazioa hasteko bertso aurkezpena egingo dute hilaren 28an.
Ikasturte berriari hasiera emateko prest dute guztia Ordiziako Jabekuntza Eskolan. Programa osatzeko lanketa prozesuaz, Eihera Elkartea arduratu da, Ordiziako Udalaren babesa ere izan du, eta dagoeneko, udazkeneko eskaintza iragartzeko moduan daude.
Jabekuntza Eskola berritua bueltan dela baliatuz, Ainhoa Jimenez Ordiziako Udaleko ongizate zinegotziak nabarmendu du, «Ordiziako Udalak berdintasunaren aldeko ekintzak aurrera eramateko konpromisoa erakutsi duela beti, eta aurrerantzean ere, lerro berean jarraituko dugu». Horren adibide da, «Jabekuntza Eskolari eman nahi diogun indarra, eta horretarako egin den lan guztia».
Jabekuntza Eskolaren prozesuak urte batzuk daramazki martxan. Azkeneko ikasturtean barrura begirako lana egiten aritu dira, aurrerantzean egingo den guztia diseinatzen, alegia.
Jimenezek gogoratu duen moduan, aurreko urteko martxoan, ate irekien egunak egin ziren, ideia asko jasotzeko baliagarria izan zena, eta lanketa hartatik atera da, udazken honetarako prestatu duten programazioa. Bai kartel iragarlea, bai eskuorria, hizkuntza desberdinetan dago. «Nahi duguna da emakume guztientzako gune segurua izatea Jabekuntza Eskola, eta Ordiziako emakume guztiek sentitzea beraientzako espazio bat dela». Horregatik, iruditzen zaie «erreferentzia interesgarria» dela, «hizkuntza desberdinetan egitea gonbita». Asanbladetan ere, «jatorri desberdineko emakumeek parte hartzen dute, horregatik beharrezkoa iruditzen zaigu, beraiei ere keinu hori egitea».
Bertso aurkezpena hasteko
Eihera Elkarteko Kattalin Minerrek azaldu duenez, «prozesu luze baten ostean aldatu egin dugu pixka bat jabekuntza eskolaren funtzionamendua», eta hemendik aurrera, «urtaroka» banatuko dute urteko programazioa. Hona iristeko egin duten prozesuaren inguruan azaldu du, «herriko emakumeen parte hartzea» izan dela, haien «interesak» eta herritarren «beharrak» jaso dituzte, eta hortik abiatuta, «diseinatu dugu programa».
Udazkeneko programazioa bete-betea eta oparoa izango da. Hasteko, irailaren 28an bertso aurkezpena eta pikoteoa egingo dute. Miren Artetxe, Eli Pagola eta Amaia Agirre bertsolariek parte hartuko dute. Udazkeneko programazioaren inguruko xehetasunak emango dituzte. Jabekuntza Eskolan bertan izango da, 18:30ean.
Hortik aurrera, ikastaro eta tailer ugari izango dira. Batukada feminista jarriko dute martxan Ainara Sarasketak gidatuta. Haurtzaroko sexu-abusuen inguruko tailerra emango du Susanna Minguell-ek. Horrez gain, autodefentsa feminista tailerrak izango dira Emaginen eskutik. Autozaintza ere izango dute ardatz; nork bere burua elikatzen laguntzen ikasteko tailerra emango du Ainhoa Goristidik. Hilerokoaren zikloa ezagutu eta konpresak egiten ikasteko tailerra ere antolatu dute. Eta azkenik, emakumeak eta zahartzaroa mintzagai duen solasaldia egingo dute.
Aldez aurretik izena ematea komeni da. Horretarako eta informazio zehatzagoa jasotzeko, idatzi jabekuntzaeskola@ordizia.eus epostara. Izena emateak urriaren 10era arte.