Lazkaoko merkataritza sarea %2 hazi dela txalotu du udalak, joera orokorra beheranzkoa denean
Herriko merkataritza-ehuna "indartsu" dagoela iritzi dio udalak, eta 2016tik hirugarren sektorea suspertzeko hartutako neurrien eraginkortasuna balioetsi du.
Eustatek tokian tokiko merkataritza ehunaren bilakaeraren datuak argitaratu ditu, eta Lazkaoren kasuan 2016tik 2021era bitarteko epean %2 handitu dela da. EAEko joera orokorraren bestela, hazi ere. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %10 egin du behera merkataritza-ehunak azken bost urtean. Krisi giroa, digitalizazioa, belaunaldien arteko errelebori eza jo dituzte arrazoi nagusitzat.
Lazkaoko igoera, berriz, «urtetako» lanari egotzi dio udalak, eta bere papera goraipatu du: «Lazkaoko Udalak urteak daramatza sektorearekin batera herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak suspertzen, 2016an herria biziberriteko plana definitu zenetik. Lan horren emaitza da», dio ohar batean.
Kepa Zubiarrainen hitzetan, «ezinbestekoa» da merkataritza sektorea herrirako, «herri erakargarria izan dadin bizitzeko, gozatzeko, sozializatzeko eta lan egiteko». Biziberritze plana ere «ezinbestekoa» izan dela gehitu du, «are gehiago pandemian». Plangintza garatzen segituko dutela agindu du, «sektorearekin batera».
Epe luzerako estrategia
COVID-19ak eraginako krisia leuntzeko, «epe luzerako estrategia» pentsatu zutela dio udalak. Laguntzak, tasetan hobariak eta zerga salbuespenak aipatu ditu hartu ziren neurri gisa, baita berrikuntzarako inbertsioak ere.
Herriko kontsumoa sustatzeko, azken bi urtean laguntza-plan bereziekin «550.000 eurotik gorako inpaktua» izan dela gehitu du.
Bestetik, Goiekirekin eta aldundiarekin batera abiarazitako Berrabiarazi planaren eragin ona aipatu du. «Plan horri esker, herriko ia 60 negoziok beren egoeraren diagnosia egin ahal izan dute, eta etorkizunari berme handiagoz aurre egiteko ekintza-plan bat zehaztu. Orain prestakuntza-plan batean parte hartzen ari dira. Ostalaritzan, terazen kokapenean malgutasuna eta tasa-salbuespena urte bukaerara arte luzatuko ditu.