Nerea Elustondo bigarren sailkatu da Getxoko kanporaketan
Alaia Martin oiartzuarrak irabazi du txapelketako lehen kanporaketa 738 punturekin, eta legazpiarrak egin du bigarren 695 puntu eskuratuta. Bihar Iñaki Apalategi beasaindarrak kantatuko du Arrasaten.
600 lagun bildu dira gaur Getxoko Muxikebarri zentroan Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo saioan. Imanol Artola Arretxe ‘Felix’ gai-emaileak gidatu du saioa, eta honako seikotea aritu da kantuan: Oihana Bartra Arenas, Nerea Elustondo Plazaola, Agin Laburu Rezola, Peru Abarrategi Sarrionandia, Unai Mendizabal Jauregi eta Alaia Martin Etxebeste.
Ariketa puntuagarriak egin eta gero, Alaia Martin izan da gaurkoan puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 738 puntu. Beraz, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara eta Elizondon kantatuko du urriaren 22an. Haren ondotik geratu dira Nerea Elustondo 695rekin, Agin Laburu 685rekin, Oihana Bartra 653,5ekin, Unai Mendizabal 635ekin eta Peru Abarrategi 627rekin. Horiek lehen faseko saio guztiak amaitu arte itxaron beharko dute finalaurrekoetara sailkatu diren edo ez jakiteko.
Gaurkoan epaile lanetan Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki aritu dira. Idazkari lanetan, berriz, Joxe Mari Altuna Etxabe eta Itziar Basterretxea Olarreaga aritu dira.
Ofiziotan aritu dira bertsolariak lehenengo: zortziko handian eta zortziko txikian. Gaia emanda puntuari hiru aldiz erantzun eta gero, ofiziotan aritu dira berriro, hamarreko txikian. Azkenik, ganbarako lana: “Epailearen aurrera ekarri zaituzte. Esaten duzunak ez du zugan bakarrik eragingo”. Hiruna bertso bota dizkiote gaiari sei bertsolariek.
Ohi moduan, bertsolarien agurrekin bukatu da saioa.
Bihar Apalategi Arrasaten
Bihar arratsaldean izango da txapelketako hurrengo saioa Arrasateko Amaia Antzokian. Han ekingo txapelketari Iñaki Apalategi Astigarraga beasaindarrak. Gorka Pagonabarraga Agorria, Joanes Illarregi Marzol, Miren Amuriza Plaza, Saioa Alkaiza Guallar eta Xabier Silveira Etxeberria izango ditu kantukide. Ander Aranburu ariko da gai-emaile lanetan. Ohi moduan, 17:00etan hasiko da saioa.
Arrasaterako Internet bidezko sarrerak agortuta daude; txarteldegia irekiko da bihar sarrera batzuekin, 15:00etan.