Ordiziako saskibaloiaren festa
Ordiziako saskibaloi taldeak 50. urteurreneko ospakizunak amaitzeko festa ospatu da gaur, Beti-Alai pilotalekuan bazkari jendetsu bat eginez. Klubeko presidente izandakoei oroigarri bana eman diete egungo zuzendaritzako kideek.
Frontoitik kiroldegira 50 pase dira. Horixe izan zen 2019-2020 denboraldiaren hasieran, orain bi urteko irailean, Ordizia Saskibaloi taldearen 50 urteurrena ospatzeko aukeratutako lema. Egin zituzten orduan urteurrena zenbait ekitaldi, baina pandemia etorri zen gero, eta ezin izan zuten urteurrena borobildu. Bi urte beranduago, gaur, irailaren 24, urteurreneko ekitaldia bukatutzat eman dituzte bazkari jendetsu batekin.
Goizean jaurtiketa libreen eta hiruko jaurtiketen txapelketak egin dituzte. “Jende gustura ibili da, giro onean, eta ikusten eskua badutela oraindik askok”, azaldu du Patxi Olano zuzendaritzako kideak. Photocall-a ere egin dute taldekide ohiek, eta ondoren Beti-Alai pilotalekuan elkartu dira bazkaltzera 200 bat lagun.
Oroigarria lehendakariei
Kafea hartzearekin bat, ekitaldi xume bat egin dute. Ordizia Saskibaloiko presidente izandako Jose Mari Oiarbide, Pedro Etxarri eta Javier Arnaezi plaka bana oparitu diete egungo zuzendaritzako kideek. Donostiako Askatuak saskibaloi taldeko lehendakaria ere gogoratu da Ordiziako klubarekin –bertako jokalaria izan zen–, eta Askatuak-eko banderatxo bidali die opari. Arantxa Saez egungo presidenteak ireki du oparia. Segidan lau bertso kantatu dituzte bazkaritara bildutakoek.
Arratsaldean jaurtiketa libreen eta hiruko jaurtiketen txapelketen finalak dituzte, eta gauean Sara Sweet Band taldearen kontzertua Plaza Nagusian. Burrunbazale txarangak girotu du egun guztian Ordiziako saskibaloiaren festa.